Aiztogile kaleko tabernatik kanpo bada ere, jazz proposamenekin dator hurrengo egunetarako Dazz kluba. Hilaren 10etik 14ra bitartean, Vital Fundazioaren Dendarabako aretoa hartuko dute jazz soinuek.
Raynald Colom Triorekin hasiko da Dazz Jazz jaialdia, ostiralean. "Frantziako tronpeta jole ezaguna da Raynald Colom, Europako tronpeta jole onenetako bat", azaldu du jaialdiko arduradun Beñat Lasagabasterrek. Gonzalo del Val bateria eta Jordi Gaspar kontrabaxuarekin batera arituko da.
Larunbatean, Kubako Roman Filiu saxofoi jolearen txanda izango da. "Chucho Valdesen taldekidea izandakoa hainbat urtetan, hainbat sari dituena... deitu eta pentsatu gabe esan zuen etorri nahi zuela". Ivan Lewis eta Javier Moreno izango dira harekin.
The Cuban Jazz Syndicate taldeak hartuko ditu igandean Dendarabako taulak. Dazzen ezaguna den Michael Oliverarekin batera, Miryam Latrece (abeslaria), Carlitos Sarduy (tronpeta), Ariel Bringuez (saxoa) eta Yarel Hernandez (baxu jolea) izango dira antzokian.
Felix Rossy tronpeta eta Toni Saigi pianoa elkartuko ditu jaialdiak astelehenean, eta Roberto Pacheco (tronboia), Miguel Sempere (baxua) eta Luis Regidorrekin (gitarra) emango diote amaiera jaialdiari, asteartean. Kontzertu guztiak 20:00etan izango dira, eta bost euroan eros daitezke sarrerak Dazzen bertan.
The Garage
Jazzak ez du etenik izango hurrengo egunetan. Dazz tabernak antolatutakoarekin batera, hurrengo astean, hilaren 17tik 19ra bitartean, Jazz VG Club izeneko zikloa izango da Gasteizko Jazzaldiak antolatuta, ohiko jaialdi handiaren lekuan. Besteak beste, Ernesto Aurignac saxoa eta Javier Moreno kontrabaxua izango dira; Charlie Parker omenduko du lehenengoak, eta 'In sides' lana aurkeztuko du Morenok. Garage aretoan izango dira kontzertuak.
Eta hiriburutik kanpo ere izango da jazzik. Agurainen ohiko Jazzherrian zikloarekin gozatzeko aukera izango da, besteak beste, Still River, Iker Piris & His Dual Electras eta Last Infusion taldeekin.