Otsailean, Covid-19ak eragindako osasun krisia iritsi zen. Hiru hilabeteko konfinamenduaren ostean, udazkenean pandemiaren bigarren uholde bat iristeko arriskuak eragin du hasiera batean apirilaren 5ean deitutako hauteskundeak urakanaren begian ospatzea. Zalantzarik gabe, uztailaren 12ko hauteskundeak arabarren historiako hitzordurik bitxienetako bat izango dira.
258.851 hautesle
Datorren igandean, 258.851 arabar daude hautetsontzietara deituta, lurraldean egongo diren 99 hauteslekuetako 426 mahaietan bozkatzeko. Ohi bezala baina ezohiko baldintzatan, Eusko Legebiltzarra osatzen duten 75 eserlekuetatik 25 erabakiko dira Araban.
Ez da bozkatzeko ordutegirik egongo, baina maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da, eta nortasun agiria inori eman gabe erakutsi beharko da hauteskunde-mahaian; betiere, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da. Boto-emaileek zuzenean sartuko dute gutun-azala hautetsontzietan, eta gel hidroalkoholikoa erabili beharko dute sarreran eta irteeran.
Nortasun agiria inori eman gabe erakutsi beharko da hauteskunde-mahaian
Hauteskundeak udan ospatzeak eta osasun egoerak berak posta bidezko botoan eragin nabarmena izan du: 16.114 arabarrek eskatu dute posta bidez bozkatu ahal izatea; 2019ko azaroaren 10ekoaren bikoitza, baina apirilaren 28koaren erdia.
Halaber, ALEAk jakin duenez, atzerrian dauden hainbat hauteslek epez kanpo jaso dute posta bidez bozkatzeko pasahitza. Gainera, Hautesle-erroldaren Bulegoaren Arabako Ordezkari Agustin Peña Iralak baieztatu du ohiko boto eskaeren %56 inguru izapidetu direla: normalean atzerriko egoiliarren 600 boto inguru iristen diren bitartean, oraingoan 340 eskaera baino ez dituzte jaso.
Bost alderdi nagusi
14 alderdi aurkeztu dira Araban, baina, aurreikuspenen arabera, bost alderdik dute ordezkaritza lortzeko aukera: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza eta PP+Cs. Aukera gutxiagorekin, VOX; hala ere, azken inkestek Legebiltzarreko atea ireki diote alderdi ultraeskuindarrari. Eta Equo-Berdeak, orain arte Elkarrekin Podemos koalizioko kidea zena, bakarrik eta aukera gutxirekin aurkeztu da.
Horrez gain, beste zortzi alderdi ere aurkeztu dira, Legebiltzarrera sartzeko aukera eskasekin: Libres por Euskadi, Ongi Etorri, Recortes Cero-Berdeak, Liga Foralista, PACMA, Aulki Zuriak eta Bidezko Mundurantz (M+J).
EAJ, zerrenda bozkatuena
Aurreikuspenen arabera -azkena, astelehenean argitaratutako EiTB Focusen hamahirugarren inkesta-, Iñigo Urkullu lehendakaria zerrendaburu duen EAJk arabarren boto gehienak (%32,4; 2016an, %28,2) eramango ditu berriz ere; seguruenik, Espainiako eskuinaren behin betiko hondoratzearen kontura. Eserleku berri bat edo bi lor ditzake: guztira, 9 eta 10 ordezkari artean. Jeltzaleek enpleguaren susperraldia eta ekonomia gaietan zentratu dute 428 orrialdeko Euskadi Zutik programa.
Inkesten arabera, EAJk arabarren boto gehienak eramango ditu berriz ere
Bitartean, Mikel Otero suhiltzaile eta legebiltzarkidea zerrendaburu duen EH Bilduren igoera ere aurreikusten da, eta bigarren indarra izango litzateke. EiTB Focusen arabera, ordezkaritza mantenduko luke (5 eserleku). Ikerfelek El Correo egunkarirako egindako beste inkesta batek -igandean argitaratuta-, ordea, emaitza baikorragoa ematen dio (botoen %20,2; 2016an, %17,9): 2016an baino ordezkari bat gehiago lortuko luke EH Bilduk (6 eserleku). 8 puntutan banatutako hauteskunde-programa daramate subiranistek: besteak beste, enplegua, gizarte-politikak, osasuna, hezkuntza, erabakitzeko eskubidea eta etxebizitza ditu ardatz.
Gloria Sanchezen gidaritzapeko PSE-EE hirugarren indarra izango dela ondorioztatu du EiTB Focusek: botoen %16,8rekin, ordezkari bat gehiago lor dezake (4 eserleku). Bere hauteskunde-programa NBEak 2030erako ezarritako garapen jasangarriko 17 helburuetan banatu du.
Laugarren indarra Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza izango litzateke, Gustavo Angulo zerrendaburu duela. Bost puntuko beherakadarekin (botoen %11,2), eserleku bat galduko luke Araban. Euren programak hiru ardatz ditu: morea, zaintza eta berdintasuna; gorria, aberastasuna birbanatzea, etxebizitza, hezkuntza edo diru-sarreren bermea; eta berdea, trantsizio ekologikoan oinarrituta.
Azkenik, zorigaiztoko emaitza batek bosgarren indarra izatera eramango luke PP-Cs, 3 eserlekurekin. Bi alderdiek botoen %21,8 batu zuten 2016an, baina EiTB Focusen arabera, koalizioaren botoak %10,9ra arte jaitsiko lirateke oraingoan, eta bi eserleku galduko lituzke PPk. Pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko eta ekonomia suspertzeko zein enplegua sustatzeko 400 milioi euroko plana jartzeko asmoa nabarmentzen da koalizio-programan.
VOXen agerpena
Eusko Legebiltzarrean sartzeko, botoen %3 lortu behar da Araban. Hala ere, EiTB Focus zein Vocento Taldearen inkesten arabera, Santiago Abascalen VOX alderdi ultraeskuindarra ordezkari batekin sar daiteke datorren igandean, Araban lortutako botoei esker.
VOXen hauteskunde-kanpainak oihartzun mediatiko handia izan du, eta protesta zein istiluak eragin ditu Euskal Herriko zenbait herritan. Arabako zerrendaburua Amaya Martinez Grisaleña da, La Jungla arma-dendako arduraduna; Gasteizen -Adurtza auzoan- eta Logroñon ditu dendak.
VOX EH Bilduren seigarren eserlekua kentzetik boto gutxi batzuetara dago
Vocento Taldearen igandeko inkestaren arabera, VOX EH Bilduk Araban lortu dezakeen seigarren eserlekua kentzetik boto gutxi batzuetara egon daiteke; beharbada, 300 boto baino gutxiagora. Izan ere, EH Bilduk botoen %20,2 lortuko luke, baina ultraeskuindarrak botoen %3 gainditzetik hurbil daude.
EH Bilduren eta Espainiako eskuinen arteko hirugarren norgehiagoka izango da aurtengoa. 2019ko apirilaren 28ko hauteskundeetan, EH Bilduk ordezkaririk gabe utzi zuen PP Araban; 384 botok Javier Maroto Kongresutik kanpo utzi zuten. Sei hilabete beranduago, azaroan, Iñaki Ruiz de Pinedok PPren ordezkari Marimar Blanco utzi zuen Kongresutik kanpo, 2.000 bototik gorako aldearekin. Oraingoan, EH Bilduko 6. zerrendakide Itxaso Etxebarria Astondoa eta VOXeko zerrendaburu Amaya Martinez Grisaleña izango dira lehiakide.