Atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan (AEHE) inskribatuta dauden hautesleen boto-eskaera telematikoki aurkezteko epea ekainaren 16ra arte luzatu zen -hasieran ekainaren 13an amaitzen zen-, Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakiaren ondorioz.
Iñaki Fernandez de Retana San Franciscon (Kalifornia, AEB) dagoen arabarra da, eta ALEArekin harremanetan jarri da uztailaren 12an ospatuko diren hauteskunde autonomikoen atarian. Hautesle-erroldaren Bulegoak Araban duen ordezkaritzak AEBetatik postaz bozkatzeko erabili behar zuen pasahitza epez kanpo bidali diola salatu du: "Atzo [ekainaren 30ean] jaso nuen gutuna pasahitzarekin, eskaera epea amaitu eta 14 egunera; hau da, hamalau egun berandu".
Baina Iñakirena ez da kasu bakarra; izan ere, Zuriñe Fernandez de Retanak salatu du Erresuma Batutik postaz bozkatu ahal izateko pasahitza zeraman eskutitza ez zitzaiola iritsi ekainaren 20ra arte; hau da, lau egun berandu. "Nire boto eskubidea eragotzi da", salatu du.
"Nire ustez, atzerrian gauden hautesleen eskubideak ezabatzen ari dira", deitoratu du Iñaki Fernandez de Retanak. "Agian hauteskunde hauek ez ziren hain goiz egin behar, pandemiaren salbuespenezko egoeragatik. Atzerrian gauden milaka hautesle nire egoera berean egon litezke; eta hori hauteskundeak inpugnatzeko arrazoia izan daiteke", azaldu dio ALEAri.
Zuriñe Fernandez de Retanak, halaber, ALEAri azaldu dio badakiela berea ez dela kasu bakarra izan: "Atzerrian gauden hautesleen eskubideak urratzen ari dira, eta hauteskundeak aurkaratzeko arrazoia izan liteke".
Hautesle-erroldaren Bulegoa
ALEA Hautesle-erroldaren Bulegoaren Arabako Ordezkari Agustin Peña Iralarekin harremanetan jarri da, gorabehera horiengatik galdegiteko. Baieztatu duenez, gorabehera batzuen berri izan dute atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan inskribatuta dauden hautesleen boto-eskaeretan.
Normalean atzerritik posta bidezko 600 boto inguru iristen dira Arabara. Hautesle-erroldaren Bulegoaren Ordezkariak azaldu duenez, oraingo hauteskundetan 340 eskaera baino ez dituzte jaso; hau da, boto eskaeren %56 inguru.
Horrez gain, aurreikusi zitekeen zerbait dela dio, baina Hautesle-erroldaren Bulegoaren ardura ukatu du. Izan ere, Arabako Ordezkaritzak dokumentazio guztia epe barruan bidali duela azpimarratu du. "Nazioarteko mugigarritasun arazoak egon dira pandemiagatik", azaldu du, eta gogorarazi du horren inguruko ohartarazpenak eta txostenak egin zirela hauteskundeak deitu zirenean.