Plan-A

740.000 euro bideratuko ditu Aldundiak kultura sarea berreraikitzeko

Erredakzioa 2020ko eka. 19a, 12:30
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua Batzar Nagusietan. / AFA

Arabako ekonomia suspertzeko maiatzean aurkeztutako PlanA-ren barruan, kultur arloko gastu finkoak, ekipamenduak eskuratzeko inbertsioak eta ekitaldiak berrantolatzeko gastuak ordaintzen lagunduko du Aldundiak.

Aldundiak 740.000 euro bideratuko ditu Arabako kultura sustatzera; eta horietatik, 635.000 euro dirulaguntza gisa banatuko dira, gastu finkoak, ekipamenduak eskuratzeko inbertsioak eta ekitaldiak berrantolatzeko gastuak ordaintzen laguntzeko.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak Batzar Nagusien aurreko agerraldian azaldu duenez, kultura arloan sekula izan den dirulaguntza multzorik handiena da. "Ez da erronka erraza izan", nabarmendudu del Valek.

Beste erakunde batzuekin elkarlanean eta sektorearekin "etengabeko" harremanetan izan da Aldundiko Kultur Saila. Eta horren emaitza dira kulturaren sektorera bideratuko dituzten 740.000 euro horien barruan hiru dirulaguntzetan banatuko diren 635.000 euroak:

  • Gastu finkoak edo egiturazkoak ordaintzeko laguntza: 334.800 euro.
  • Ekipamenduak eskuratzeko inbertsioak egiteko laguntza: 250.000 euro.
  • Azpiegituren alorrean, proiektuak eta kultura ekintzak antolatu eta berrantolatzeko laguntza: 50.000 euro.

Horiez gain, beste bi laguntza ere izango dira:

  • Kultura bonoa: 55.000 euro.
  • Mezenasgo pribatua diru publikoz laguntzeko edo matchfundig-erako funts ekonomikoa: 50.200 euro.

Del Valek azpimarratu du lehentasuna programazioa berreskuratzea izango dela: "Benetan uste dut eragin positiboa izango dugula kultura sarea berreskuratzeko orduan".

Kirola

Kirol Zuzendaritzaren menpeko laguntza lerroei dagokienez, kirol klub eta taldeentzako laguntza bat izango da, kostu finkoak edo egiturazkoak ordaintzen laguntzeko, eta, era horretan, pandemiaren ondorioen eragina arintzeko. Dirulaguntza hori klubek soilik jaso ahal izango dute; izan ere, federazioek 2020rako aurrekontu bera izaten jarraituko dute.

Gainera, 2020. urtean gauzatzen diren kirol ekintzetarako beste 40.000 euro izango dira, osasun egoerak ahalbidetzen badu.

Azkenik, osasun egoerari buruzko kanpaina handi bat finantzatzeko 80.000 euro bideratuko dituzte, gazteak kontzientziatzeko eta uda honetan gizarte urruntzearekin lotutako neurriak betetzen jarrai dezaten. Guztira, milioi bat euro kudeatuko ditu Kultura eta Kirol Sailak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide