Gorabeherak

Udazkenean iritsiko da 'Gorabeherak' websailaren bigarren denboraldia

Erredakzioa 2020ko eka. 12a, 10:32

'Gorabeherak' kapitulu laburrez osaturiko websail bat da. / GOIENA

Lehen denboraldiko bost kapituluak zabaldu ondoren, eta taldeak hurrengoetarako ideiak biltzen dituen bitartean, atsedenaldia hartu eta udazkenean itzuliko da Gorabeherak websailaren bigarren denboraldia.

Gorabeherak kapitulu laburrez osaturiko websail bat da, atal bakoitzean, hildako pertsonaia ezagunak, zerura edo infernura eramango ditu igogailuan Ramon igogailuzainak. Lehen denboraldian igogailu horretan ikusi ditugu, besteak beste, Mikel Laboa, Marilyn Monroe edota Francisco Franco. Aktore lanetan Kepa Errasti eta Nerea Arriola ibili dira.

Ttap aldizkari digitalak Tabakalerako 2deo Laborategiaren eta Bertoko Igogailuak enpresaren laguntzaz ekoitzitako webserie hau berritzailea da alderdi bat baino gehiagotan, eta ALEAn aukera ederra iruditu zaigu irakurleoi entretenimenduko edukia eskaintzeko, ohiko informazioaz gain.

Ikusleon iritzia ezagutzeko inkesta labur hau ere prestatu dugu, websailaren inguruko galdera gutxi batzuekin.

Eduki mota hori zuen gustukoa delakoan, ekainaren 26an beste webserie bat ekarriko dizuegu astero. IXA webseriea ere Tabakalerako 2deo Laborategiaren laguntzaz sortutakoa da, eta gizartea eta teknologiaren arteko harremana aztertzen du misterio eta akzioko atal laburren bidez.

Laster emango dizuegu haren inguruko informazio xeheagoa. Bitartean...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago