Azken hilabeteetan Covid-19aren krisiagatik itxita egon ondoren, indartsu abiatu da Arabako parke naturalen udako agenda, eta ekain osoan zehar bisitaldi gidatuak izango dira Gorbeia, Valderejo, Izki eta Aizkorri-Aratzen: besteak beste, Altubeko haritza, Done Laurendiko baseliza eta Zirauntza ibaiaren iturburua ezagutzeko aukera egongo da.
Adin tarte guztientzako aukerak eskainiko dituzte: ibilbide errazenak 6 urtetik gorakoentzat daude pentsatuta, eta 2 ordu inguruko iraupena dute; zailenak, ordea, 10 urtetik gorakoentzat dira, eta 3 bat orduko iraupena dute. Asteartetik igandera, bisitaldiak goizez eta arratsaldez egin ahalko dira, euskaraz edo gaztelaniaz, ingurumen hezitzaileek lagunduta.
Asteburuetako bisitaldi gidatuak tematikoak izango dira: goizez, partaideek gauza harrigarriak ikasi ahal izango dituzte hegaztiei, tximeletei edo etnobotanikari buruz, gidari adituen laguntzarekin ere.
Izen-emateak
Jarduera guztiak doakoak dira, eta parke natural bakoitzaren web orrian eman behar da izena, bisitaldia hasi baino 48 ordu lehenago:
Izena eman ondoren, erreserba egin duenak baieztapen mezu elektroniko bat jasoko du, ibilbidearen ezaugarriak eta segurtasun arauak azaltzeko.
Bisitaldian familia unitateko bost kidek har dezakete parte, eta segurtasun tartea gorde beharko dute gainerako bisitariekiko. Gehienez 15 pertsona egongo dira bisitaldi bakoitzean; hori bai, ezin da txakurrik eraman.
Bisitariei hainbat gomendio luzatu dizkie Aldundiak: oinetako erosoak, ura, txanoa eta eguzkitako krema eramatea. Horrez gain, maskara eraman beharko dute, eta jantzi egin beharko dute distantzia mantendu ezin den kasuetan.