Arabako parke naturalak bisitarien zain

Erredakzioa 2020ko mai. 28a, 12:00
Valderejo, Gorbeia, Izki eta Aizkorri-Aratz parke naturalek web orria estreinatu dute. / AFA

Parke naturalek web orri berriak aurkeztu dituzte egunotan, eta publiko mota bakoitzaren araberako ibilbideak deskargatzeko aukera dago; baita deskonfinamenduaren hurrengo faseetarako programatuko diren jardueren agenda ere.

Valderejo, Gorbeia, Izki eta Aizkorri-Aratz parke naturalen web orri berriak aurkeztu zituen Arabako Foru Aldundiak maiatzaren 24an, Parke Naturalen Europako Egunarekin bat eginez.

Ibilbideak eta familia, kirol zein natura jarduerak programatzeko behar den informazio guztia biltzen duten espazio birtualak dira. Parke natural bakoitzak bere web orria dauka dagoeneko, eta bisitariek era errazean ezagutu ahal izango dute parke bakoitzaren ondare naturala eta kulturala.

Hala, ibilbideak publiko motaren, adinaren eta interesaren arabera sailkatuta daude, eta webgunetik deskarga daitezke.

Parketxeetatik antolatutako ingurumen hezkuntza azpimarratu du Aldundiak, ikastetxeei, eta, oro har, familiei zuzenduta. Deskonfinamenduaren hurrengo faseetan abian jarriko diren jardueren agenda biltzen du.

Era berean, parkeetan egiten ari diren kontserbazio proiektu nagusiak, azken urteotan egin diren argitalpenak eta azterlanak, edo espazio bakoitzaren araudia ezagutzeko aukera dago.

"Komunikazio tresna bat da, Arabako bitxi naturaletako lau ezagutarazteko erakusleihoa, modu jasangarrian, eta parke multzoak urtero jasotzen dituen ia milioi erdi bisitarien beharren arabera eguneratzen joango da", azaldu du Arabako Foru Aldundiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide