Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez eta Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatua adinekoen Lakua foru egoitzara joan dira astelehen honetan, senideen bisitak berriz hartzen hasi diren egunean.
Egoiliarrak, senideak eta topaketak egiten ari ziren langileak agurtu ondoren, Gonzalezek jakinarazi du foru sarea osatzen duten hamaika egoitzetan ez dagoela Covid-19 positiborik, martxoaren 24tik lehendabiziko aldiz. Hala ere, gutxi badira ere, egoitza pribatuetan 11 egoiliar positibo dira oraindik ere.
Senideen eta egoiliarren arteko topaketak aste honetan hasi dira berriz ere, segurtasun eta higiene neurri bereziekin. Izan ere, diputatu nagusiaren arabera, bisitak "beharrezkoak" badira ere, lehentasuna erabiltzaileen, senideen eta langileen osasuna babestea da, eta "inor ez kutsatzea".
Era berean, eskerrak eman dizkie erabiltzaileei, senideei, eta egoitzako langileei, egoera benetan gogorra izan dela onartuz.