Deseskalatzearen hirugarren fasea hasi da, eta Aldundiak neurri bereziak ezarri ditu, gizarte urruntzearen fasea amaitu eta senideekiko harremanei zein ohiko ekintzei berrekiteko. Izan ere, martxoaren 13tik debekatuta egon da egoitzetan aurrez aurre elkartzea, Covid-19aren kutsatzea saihesteko.
Araba osoko adinekoentzako egoitzetara joan ahal izango dira senideak bistan astelehenetik aurrera, hilak 8. Ezgaitasun intelektualen bat duten pertsonentzako zentro okupazionalak ere martxan jarriko dituzte, pixkanaka, hilaren 15etik aurrera.
"Baliabideak eta zerbitzuak zuhurtzia eta ardura handiz jarri behar ditugu martxan", azaldu du Gizarte Politiken Saileko foru diputatu Emilio Solak. Hortaz, Aldundiak segurtasun neurri eta protokolo "zorrotzenak" ezarri ditu, oraingoz:
- Pertsona bakarra joan ahal izango da egoiliar bakoitza ikustera.
- Bisitaria pertsona bera izatea komeni da; askoz jota, bi.
- Bisitaldia egunean ordubetekoa izango da.
- Aurretiko hitzordua eskatu beharko da.
- Bisitariari tenperatura neurtuko diote sarreran.
- Zentroan dagoen bitartean maskara eta eskularruak erabili beharko ditu bisitariak.
Gizarte Politiken Sailak eta GOFEk baliabideak unean uneko beharretara egokitzen jarraituko dute hurrengo hilabeteetan, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera.
Guneak gaituko dituzte
Ezarritako neurriez gain, senidea eta egoiliarra egoitzaren barruan gaitutako gune batean elkartuko dira, sarreratik hurbil, geletatik urrun eta ondo aireztatuta. Zentroko profesional batek sartzen eta irteten lagunduko dio bisitariari, eta hurbil egongo da, beharrezkoa izanez gero laguntza emateko.
Egoiliarrak ere maskara jantzita izan beharko du, eta bisitaldiaren ostean altzariak desinfektatu beharko dira.
Isolatutako egoiliarrak
Egoiliarra isolaturik badago, Covid-19an positibo eman duelako edo prebentzio neurri gisa, senideak bisitatu ahal izango du, baldin eta bisitaldia moduluan horretarako egokitutako gune batean egiten bada, eta haraino iristeko segurtasun ibilbidea prestatzen bada, beste egoiliar eta senide batzuekin ez gurutzatzeko.
Kasu horietan, bisitariak maskara, pantaila, eskularruak, mantala eta oinak babesteko ekipamendua jantzi beharko ditu, eta egunean gehienez ere 20 minutuz egon ahal izango da bisitan, egoiliarrarekin kontaktu fisikorik gabe.
Elkarbizitza jarduerak
Bestalde, egoitzaren barruan, ahal diren ekintza guztiak martxan jarriko dira berriz ere, segurtasun eta higiene neurriak hartuta. Besteak beste, elkarbizitza jarduerak berriz ere abian jarriko dira, eta gehienez ere 10-15 pertsonak parte hartu ahal izango dute.
Alabaina, positibo diren pertsonek eta prebentziozko isolamenduan daudenek ezin dute gune komunetara joan, PCR testetan negatibo eman arte.
Ekainaren 15etik aurrera
Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako zentro okupazionalak, desgaitasun fisikoa dutenentzako eguneko zentroa eta autonomia pertsonalerako zentroa ekainaren 15ean abian jarriko dira berriz, baita gaixotasun mentala duten pertsonentzako eguneko zentroak eta zentro okupazionalak ere.
Hirugarren fasetik aurrera, desgaitasun intelektuala dutenentzako egonaldi laburretarako zerbitzua ere martxan jarriko dute, baita desgaitasun intelektuala duten haur eta gazteen familientzako atseden zerbitzua ere, kolektibo horrentzako aisialdi programarekin batera.
Gainera, garapen arazoak edo haiek izateko arriskua duten umeentzako Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak aurrez aurreko banakako esku hartzeak martxan jarriko dira intentsitate handiko kasuetan.
Adingabeen eta Familiaren Alorrean, berriz ere irekiko dituzte eguneko zentroak. Egoitza harreran dauden adin txikikoen eta familien arteko bisitaldien iraupena luzatuko dute, eta berriro hasiko dira harrera familia eta adopzio programen balioespenak egiten.
Informaziorako eta Gizarte Arretarako Bulegoa
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) egoitzan dagoen Informaziorako eta Gizarte Arretarako Bulegoan arreta ematen jarraituko dute aurretiko hitzordua eskatuta, eta gizarte langileak berriz ere hasiko dira etxeetan bisitak egiten.