Iraultza ekarriko omen du telefonia mugikorrean 5G sistemak. Diotenez, latentzia-denbora izugarri txikituko da, eta horrek ahalbidetuko du gailu batetik bestera informazioa inoiz baino arinago igarotzea, gidatze autonomoa edota urrutiko kontrola behar duten jardunak izugarri erraztuz. Ez da kontu hutsala latentziarena, eta iraganean, zinez arazo handia zen. Albisteak eta komunikazioak mantso zihoazen garaian, informazio jario azkarrena zaldi batek egun batean egin zezakeen ibilbidea zen. Abiadura indartzeko, erromatarren garaien hasita, posten sistema abiatu zen; zaldia nekatuta zegoenean zaldi berri bat eskuratzeko etxe-sistema, hain justu.
Paristik goizeko hamarretan bidalitako mezua Madrilen zegoen arratsaldeko lauretan.
Horregatik, XIX. erdialdean telegrafo optikoa erabiltzen hasi zenean, iraultza txikia gertatu zen. Paristik goizeko hamarretan bidalitako mezu bat arratsaldeko lauetarako Madrilen zegoen. Di-da batean, garaiko estandarren arabera.
Aurrekariak zeuden arren, berez asmakizun berria Frantzian agertu zen aurrenekoz, eta handik beste hainbat herrialdetara zabaldu zen, hala nola Erresuma Batura, Suediara edo Ameriketako Estatu Batuetara. Euskal Herriari dagokionez, lehen saiakerak Lehen Karlistadarekin (1833-1840) hasi ziren, liberalek Zadorraren blokeo linea ezarri zutenean, Gasteiz eta Miranda Ebroren arteko komunikazioak babestu ahal izateko. Horretarako, dorre berri batzuk eraiki zituzten, baina baliatu zituzten ere eraikita zeuden beste eraikin batzuk, hala nola Gasteizko katedralaren dorrea edo Miranda Ebroko gaztelua.
Alabaina, urte batzuk pasata, azpiegitura modu antolatuan eraikitzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, haren komunikazio beharretarako. Hiru linea nagusi antolatu zituzten, guztiak Madril erdigunean zeukatenak: Cadiz, Bartzelona eta Irun izan ziren Espainiako hiriburuarekin lotzeko aukeratutako nodoak. Irunekin lotzen zuen linea –Gaztelako Linea izenez ezaguna–, 52 dorrez osatuta zegoen, eta horietatik sei Araban zeuden: Quintanilla de la Ribera, Argantzon, Gasteiz, Argomaiz, Dallo eta Mezkia izan ziren aukeratutako kokalekuak. "Oso modu antolatuan egin zuten", azaldu du Ondare Babesa enpresako arkeologo Javier Ajamilek. "Ahal zenean, dorreen artean antzeko distantziak mantentzen saiatzen ziren".
Ondarea berreskuratzea
Osterantzean, eta aspaldian izan zuten garrantzia ahaztuta, eraikin horien oroimena urte luzez galduta egon da, eta dorre horietako batzuen kokapen zehatza ere ez zegoen batere garbi. Ajamil izan da, hain justu, informazio nahasi horretan argibide bila egon den ikertzailea.
"Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroak telegrafia optikoaren gaineko ezagutzan nolabaiteko ordena jarri nahi zuen. Izan ere, ondareari buruzko inbentarioan apenas azaltzen zen halako dorrerik; eta, agertzen zirenak gaizki lokalizatuta zeuden", gogorarazi du Ajamilek. Hortaz, Ondare Babesatik informazio hau guztia ordenatzeko proposamena egin zieten erakundeei, eta lanari ekin zioten.
2013an burutu zuten landa-lana; ikasitakoa Madril-Irun lineako telegrafia optikoko dorreak Euskal Autonomia Erkidegoan barrena (1846-1855) izeneko liburuan jasota dago. Argitalpena PDF formatuan dago eskuragarri, Jaurlaritzaren web orrialdean.
Ajamilek adierazi duenez, aurreko ikerketak batez ere Jose Zufiaurre etnografoak idatzitako artikulu batean abiatzen ziren. Euren lanean, berriz, arkeologia-prospekzioaren teknika erabili dute, tokian bertan ingurunea aztertzen. Oso lagungarria izan zela dio. "Adibidez, horri esker konturatu gara lan horretan aipatzen ziren dorre batzuetatik ez zela hurrengo dorrea ikusten". Horrek aukera eman die ikertzaileei bereizteko zeintzuk ziren benetan lineari zegozkion dorreak. Bestetik, dorrearen arrasto fisiko nabarmenik geratzen ez zen lekuetan, hainbat zantzu aurkitu dituzte, hala nola silarriak edota gertuko harrobiak. "Hori funtsezkoa izan zen dorre horien lokalizazioa ebazteko, oso arrasto fisiko gutxi zeudelako Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan".
Teknologia ezezaguna
Agian hain arrasto gutxi geratu izanagatik eta linea bera urte batzuetan baino ez zelako egon indarrean, gaiari buruzko oroimen kolektiboa galdu dela azaldu du Ajamilek. "Landa lanean ari ginela, jendeari galdetzen genionean, pertsona bakar batek baino ez zigun esan gaiaren bueltan zerbait entzuna zuela, baina gainerakoek soilik dorreaz edo gazteluaz hitz egiten ziguten, eta ez zekiten telegrafo optikoari lotuak egon zirenik".
Arabari dagokionez, gaur egun Quintanilla de la Riberan kokatuta dagoen dorrea baino ezin da zutik ikusi, zaharberritua dagoelako. Bertan seinaleak bidaltzeko erabiltzen zen bastidorearen berreraikitze bat dago, eta Administrazio Batzarrak eraikinean aterpe bat jartzeko asmoa du. Argantzongo dorreari dagokionez, egituraren metro eta erdi inguru baino ez da kontserbatzen. Gainerakoak, txikituta daude.
Desagertutako azpiegiturak ez du, beraz, ez musealizaziorik ezta aparteko seinalizaziorik ere. "Proiektua egin genuenean, horri begirako proposamen bat landu genuen, baina ez da gauzatu", dio Ajamilek.
Arabatik kanpoko egoera ere ez da oso txukuna. Tolosako dorrea garbitzeko auzolandegi bat egin zutela azaldu du adituak, baina, gainerakoan, oso arrasto gutxi daude. "Altsasukoa da seguruenera kanpotik hoberen kontserbatu dena".
Arrakasta apala
Arpilatzeagatik desagertu dira dorre gehienak. "Behin dorrea erabiltzeari uzten ziotela, erraza zen idi-gurdi batekin bertaratzea, harri horiek beste nonbaitera eraman eta berrerabiltzeko. Oso harri onak ziren, gainera. Zentzu horretan, asko lagundu zuen linea komunikabideetatik gertu egoteak. Gure kasuan, egungo N-1 errepidearen parean dago".
"Araban ohikoa den behe-lainoak komunikazioa oztopatzen zuen"
Javier Ajamil, arkeologoa.
Bide ezagunetatik gertu egotea beharrezkoa zen, dorreren batek huts egitekotan, mezu-katea eten ez zedin. "Adibidez, Arabaren kasuan, oso ohikoak dira behe-lainoak, eta horrek komunikazioa oztopatzen zuen". Modu horretan, mezua zertxobait mantsotu egiten zen arren, informazioak bere bidea jarraitzen zuen, zaldiz eramaten baitzen hurrengo dorrera".
Mezua bidali ahal izateko, noski, era batean edo bestean kodetu behar zuten. Horretarako, zurezko langetak erabiltzen zituzten. Horien kokapenaren arabera osatzen zen mezua. Mezu horien esperoan ari ziren funtzionario batzuk, gehienak armadaren lizentziatuak. Mezua abiatzeko, langeten kokapen zehatz bat jartzen zen dorrean, eta hurrengo dorreak mezua jasotzen hasteko prest zegoenean beste kokapen batekin erantzuten zuen. Soilik orduan hasten zen mezua bidaltzen.
Aurreko tresnen aldean abiadura handia lortzen zen arren, handik urte gutxira iraultza are handiagoa ekarri zuen beste garapen berri batek: telegrafo elektrikoa. "Hau askoz azkarragoa eta merkeagoa zen", nabarmendu du Ajamilek. "Behin linea martxan jarrita zegoela, igortze lanetan eta jasotze lanetan lagun bana besterik ez ziren behar". Morse kodearen laguntzarekin, telegrafo elektrikoak gure gaur egungo munduaren oinarriak jarri zituen. Ondorioz, 1855. urterako, martxan jarri eta bederatzi urte eskasera, telegrafo optikoa akabatuta zegoen.