Martxoaren 13an kaleratu zen ALEAn idatzi nuen zutabea (Iparragirre gurean) honela amaitzen nuen: "Badakizue zer egin asteburu honetan: ditxosozko koronabirus zaharra alde batera utzi, kalera irten eta erreparatu karriken izenei. Batzuetan sorpresa ederrak topatuko dituzue eta". Bi egun geroago alarma egoeran geunden.
Etxealdian geundela lagun batek igorri zidan mezua. "Portatu haiz Txema, ziri ederra sartu diguk azken zutabean. Orain kalera irten?". Mezuarekin batera erantsita zetorren zutabearen azken esaldia nabarmenduta. Bistan da, gogoeta hura idatzi nuenean ez geundela konfinamenduan. Gerora etorri zen orain ezagutzen ari garen ekaitz harrigarri hau.
Orduz geroztik bi hilabete eta erdi igaro dira. Glaziazio oso bat dirudi. Beste hiri batean bizi gara orain. Tarte honetan kaleak aldatu, ekonomia hondatu, planeta mudatu eta bizitza bera ere dezente arrarotu zaigu. Arima ere kanbiatu zaigula diote batzuek. Etxealdiaren gordinean geundenean, hildakoen kopuruak betebetean jotzen gintuenean… askoren gogoeta zen: "Hau bukatzean dena birpentsatu behar dugu, osasun publikoa, zaintzaren garrantzia, ekonomia zirkularra, ingurumenaren egoera, turismoaren planteamendua…".
Atea ireki digute eta horrekin batera asmo oneko gogoeta asko lurrundu egin direla dirudi. Ez dakit gure oinekin batera proposamen sozial horiek ere ez ote duten ihes egin. Balkoietako hunkimen kolektibotik egunerokotasun arraro eta indibidualistara salto egin dugu. Eztabaida sutsu bat baino gehiago ikusi dut terrazako mahai baten bueltan lehena jesartzeko eskubidea nork zeukan erabakitzeko.
"Hau dena ongi aterako da" diote oraindik ere hainbat leihotan ikus daitezkeen karteltxoek. Umeek eginak dira. Dena ez da ondo ateratzen ari. Jende asko bidean gelditzen ari da. Iraganeko inertziak eta indarrak esan eta esan ari dira "beno… akaso zerbait aldatu beharko da, baina sistema bera… en fin hori ezin da ukitu".
Denbora agortzen ari zaigu. Ez dakigula gerta umeek irudikatutako ostadarrari jazotzen zaiona, hau da, argia aldatu ahala desagertu egiten dela. Bi hilabete eta erdi hauetan gertatu zaigun guztia efektu optikoa baino ez da izan?