Iparragirre gurean

"Iparragirrek munduan barna izan zuen fama, neurri handi batean, bi gasteiztarri zor die"

Kale artean lasai asko ibiltzea bezalakorik ez dago. Garbi dago. Kale izenei nekez erreparatzen diegu. Lastima. Ez gara jabetzen izen horien atzean, sarritan, izana ere badagoela. Batzuetan, hotsandiko hitzak dira. Askatasuna, adibidez. Edota ereserki nazionalen egileak; Jose Maria Iparragirre, esaterako.

Biek ala biek beren kale propioa daukate Gasteizen. Karrika nahiko xume eta arruntak, dena esan behar bada ere. Aurten, gainera, 200 urte beteko dira (abuztuaren 12an) Jose Maria Iparragirre bohemio urretxuarra jaio zela. Denok dakigu Iparragirre abenturazale eta koblakari aparta izateaz gain, gure Gernikako arbola kanta nazionalaren egilea ere izan zela.

Jende gutxik daki, ordea, Jose Maria Iparragirrek munduan barna izan zuen fama, neurri handi batean, bi kronista gasteiztarri zor diela eta biek, gainera, kale bana dutela beren omenez gurean. Ricardo Becerro de Bengoa eta Pedro Egañaz ari naiz. Aitor dezadan ni neu ere duela gutxi enteratu naizela horretaz. Joan den azaroan, Antxoka Agirre irakasleak bertsolaritzari buruzko doktorego tesi bikaina defendatu zuen EHUn eta bertan aipatzen da Becerro de Bengoa eta Egañaren lana. Iparragirre gure lehen bertsolari mediatikoa izan zen eta Ricardo Becerro de Bengoa bere kronista ofiziala. Hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere lanak. Ricardo pentsamoldez errepublikarra eta foruzalea izan zen. El mentirón eta Aquello aldizkarien sortzaile, baita La Naturaleza aldizkari zientifikoaren zuzendaria ere.

Jakin bagenekien Pedro Egaña Arabako ahaldun nagusia izan zela, baita bera ere pentsamoldez liberala eta foruzalea zela, baina inork gutxik zekien Iparragirreren kontzertuei buruzko kronikak berak argitaratu zituela non eta Madrilgo La España izeneko egunkarian. Areago, Egaña, Becerro de Bengoa bezala, politikari eta hizlari trebea izan zen, eta Senatuan bertan diskurtso gogoangarria egin zuen Iparragirreren figura goraipatuz.

Badakizue zer egin asteburu honetan: ditxosozko koronabirus zaharra alde batera utzi, kalera irten eta erreparatu karriken izenei. Batzuetan sorpresa ederrak topatuko dituzue eta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago