Artiumek ekainaren 2an irekiko ditu ateak

Erredakzioa 2020ko mai. 27a, 17:30
'Zeru bat, hamaika bide' erakusketa Artium museoan. / ERLANTZ ANDA

Deseskalatzearen bigarren fasera apur bat beranduago batuko dira Arabako museoak eta erakusketa-zentroak, ekainean zehar eta segurtasun zein higiene neurri zorrotzen artean. Artium ekainaren 2tik aurrera zabalik egongo da berriz ere.

Artium Museoa eskaintza "anitz eta erakargarriarekin" eta ibilbide gidatuen programa berrituarekin itzuliko da ekainaren 2an. Horretarako, espazioaren segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituzte: maskara derrigorrezkoa izango da, eta garbiketa areagotu egingo da partekatutako eremuetan; komunetan, igogailuetan, barandetan eta ateen heldulekuetan arreta berezia jarrita.

Bisita ahalik eta gehien errazteko asmoz, erakusketa aretoak ordutegi jarraituan egongo dira zabalik: asteartetik ostiralera 13:00etatik 19:00etara, eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 19:00etara; eguerdian ere zabalik egongo da.

Horrekin batera, Zuk nahi duzuna tarifa aplikatuko da asteazken eta igandeetan, bisita errepikaria bultzatzeko, eta mundu guztiak izan dezan museora sartzeko aukera; hau da, doan sartzeko aukera egongo da. Gogoan izan behar da, gainera, 14 urtetik beherakoek, pentsiodunek, ikasleek eta langabeek ez dutela sarrerarik ordaindu behar.

Erakusketak bisitarien zain

Gema Intxausti, Juan Luis Moraza eta Elena Mendizabal artisten erakusketak, eta 70, 80 eta 90eko hamarkaden inguruko Bildumaren Zeru bat, hamaika bide erakusketa zabala bisitarien zain egongo dira uda honetan.

Ezohiko egoera dela eta, barruko plazan dagoen Museoko Lorategia izango da sarrera nagusia, eta, aldi berean, atseden-gune gisa funtzionatuko du bisitaldietan. Izan ere, Lorategiak beharrezko espazio-baldintzak betetzen dituela azaldu dute, distantzia mantentzea ezinbestekoa den une honetan.

Artiumek talde txikientzako bisiten eguneroko programa berria prestatu du udako hilabeteetarako. Lorategi-tik izenburupean, ibilbide tematikoak egingo dira, museoan ikusgai dauden artelanen bidez haren lan eta ikerketa-ildoetako batzuk ezagutzeko aukerarekin.

'Zeru bat, hamaika bide' erakusketa Artium museoan. / ERLANTZ ANDA

 

Online jarduerak

Bestalde, Artium Museoak sendotu egingo ditu azken bi hilabeteetan intentsitate handiz garatu dituen online jarduerak; azken esperientzietatik abiatuta, museoaren webgunean eta sare sozialetan aldizka argitaratuko dira.

Orain arte, bi jarduera antolatu dituzte:

  • Loturak: hainbat adin-tartetarako bideo formatuko hezkuntza-lantegiak; dagoeneko dozena bat inguru plazaratu dira.
  • Bilduma baterako hashtagak: arte garaikidearekin eta Museoko bisitariekin lotutako pertsonen bideo-iruzkinak, Bildumako lanen inguruan.

Baliabide digitalak

Era berean, baliabide digitalen erabilera erraztu nahi du museoak. Bisitariei eman ohi zaizkien informazio-elementu guztiak online egongo dira eskuragarri: esku-paperak, agendak, liburuxkak eta audiogidak, besteak beste.

Museoko erakusketei eta artelanei buruzko informaziorako sarbide digitala QR kodeen bidez egingo da, gailu mugikorretan irakurtzeko. Horretarako, wifi bidezko Interneterako konexioa izango dute bisitariek.

'Zeru bat, hamaika bide' erakusketa Artium museoan. / ERLANTZ ANDA

 

Prebentzio-neurriak

Irekieraren aurrean, neurri osagarri batzuk hartu dituzte instalazioen higiene-kalitatea ziurtatzeko: maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, erabilera komuneko gune eta elementuen garbiketa areagotu egingo dute, komunetan, igogailuetan, barandetan eta ateen heldulekuetan, besteak beste.

Eraikinera zein komunetara sartzeko ateak irekita egongo dira, eta gel hidroalkoholikoaren banagailu elektronikoak jarriko dira eraikinetik igarotzeko puntu estrategikoetan: sarrera nagusietan, komunetan, baranda-guneetan eta Atari aretoan. Gainera, jendearen arretarako erakusmahaiek manpara isolatzaileak izango dituzte.

Hartutako neurriak etengabe berrikusiko dituztela, eta prozeduran hobekuntzak sartuz joango direla aurreratu du Artiumek.

Arabako museoak

Maiatzaren 25ean abiatutako deseskalatzearen bigarren fasera beste jarduera batzuk baino apur bat beranduago batuko dira Arabako museoak eta erakusketa-zentroak; ekainean zehar eta segurtasun zein higiene neurri zorrotzen artean egingo dute.

Lurraldeko museoen sareak ekainaren 2tik aurrera berrekingo dio jarduerari. Horrela, Arte Ederren Museoa, Bibat (Arkeologia eta Naipeak), Arma eta Natur Zientzien museoak, Amarika aretoa, La Hoya eta Iruña-Veleia aztarnategiak, eta Varonatarren Dorrea, besteak beste, berrirekiko dira hileko lehen egunetan.

Santa Maria katedrala, Gasteizko Alde Zaharrean. / ALEA

 

Santa Maria katedrala

Gasteizko Santa Maria katedralak ere Obretan eta irekita kartela eskegi du berriro. Ekainaren 2tik aurrera, bisita libreak egin ahalko dira katedraleko areto guztietatik, kripta, nabea, dorrea eta elizpea barne hartuta.

Bisitariek maskara eta eskularruak erabiliko dituzte jendeak elkar gurutzatzea eta pilatzea saihesteko behar bezala seinaleztatuta egongo den ibilbide osoan. Bisita txartela jasotzean, audiogiden edukia jarriko da bisitarien esku, telefono mugikorrean doan deskargatu ahalko dena.

Oraingoz, ekainean egingo da bisita-eredu berri hau, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era; uztailerako ohiko bisita gidatuak berreskuratzea aurreikusi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide