Artea, hamaika gatazka eta kezkari josita

Anakoz Amenabar 2020ko mar. 1a, 07:00

Oteiza, Basterretxea edota Txillidaren lanak ikus daitezke, besteak beste. / Erlantz Anda

1977 urtea abiapuntu, 2002ra bitartean Euskal Herrian garatutako praktika artistiko eta kulturalei buruzko gogoeta zabala proposatzen du Artiumek 'Zeru bat, hamaika bide' erakusketan; etengabe eraikitzen joango da, bildumako lanak txandakatuz eta hainbat azterketa-kasu txertatuz.

Bikote baten besoetatik beste batzuetara. Oinek lurra ikutu gabe, dozenaka lagunek eraman zuten Pepe Espaliu artista Maria Cristina hoteletik Alderdi Ederrera, inguruan Zinemaldia ospatzen ari ziren bitartean. Hiesa zuen Kordobako artistak, eta gaixotasunari 1992 hartan gizarteak zion estigmari aurre egiteko prestatu zuen Donostiako Carrying performancea; elkartasun eta mugimendu ekimen harekin, artearen bitartez, tabua hautsi eta hiesa "guztion gauza" dela agerian utzi nahi zuen. Giza kate zabal horren argazki sorta Artiumen ikus daiteke orain, Zeru bat, hamaika bide erakusketan.

Artelan beste kezka, artista beste gatazka. Euskal Herriko adierazpen artistiko garaikideen aniztasuna erakusteko ale bat besterik ez da Espaliuren zuri-beltzeko argazki seriea, hamaika adar eta interpretaziori lekua uzten dion bilduma jaso baitu Gasteizko zentro-museoak, iragana berrikusi eta obra bakoitzak gordetzen duen historiarekin puzzle handi bat eraiki asmoz. Hori osatzen hasteko, Cristina Iglesiasen obra batek egiten dio harrera bisitariari, baina haren atzetik amaigabeko artista zerrenda biltzen du erakusketa berriak. Itziar Okariz, Eduardo Txillida, Esther Ferrer, Nestor Basterretxea, Txaro Arrazola, Jorge Oteiza, Juncal Ballestin eta Ivan Zulueta horietako batzuk baino ez dira.

Etapa berrian, erakusketa espazioa egokitu eta zabaldu dute Artiumen

Ehun artelan eta dokumentu Artiumek hasi duen etapa berriari hasiera emateko. Hamalau hilabeteko prestakuntza lanen ostean, Beatriz Herraez zuzendariak gidatuta, aro berri bati ekin dio Gasteizko arte garaikideko zentro museoak. Bilduman gordeta zituen hainbat lan erakusgai jarri eta obren azterketa berriak proposatu ditu museoko lantaldeak, Xabier Arakistain, Miren Jaio eta Elena Roseras komisarioak bidelagun. 1977tik 2002 arteko Euskal Herriko praktika artistikoak, adierazpen kulturalak eta prozesu historikoak lotzen ditu elkarrekin, gertaera politiko, sozial eta kultural handiak izandako 25 urteko aldian. "Erakusketak narratiba ireki bat planteatzen du, etengabe eraikitzen ari dena, eta bildumako lanak txandakatuz eta hainbat azterketa-kasu txertatuz eboluzionatuko duena", azaldu du Herraezek. Bide horri ez diote eperik jarri, gainera; amaierarik gabeko erakusketa izango da momentuz.

Herriaren beharretara

1977. urtea du abiapuntu erakusketak, garrantzi handiko gertaera politiko, sozial eta kulturaren garai bati hasiera eman zion urtea, Miren Jaio komisarioak gogoratu moduan. Trantsizioaren hasierako ziurgabetasun eta aukera testuinguruan, egoera berriaren eskakizunen zerbitzura jarri zen artea; Euskal Eskolako artistek herri eskaeretako eta erakunde berrientzat sinbolo grafikoak sortzeko zeregina hartu zuten, besteak beste, eta hamaika adibide bildu dituzte erakusketan.

Artearen praktikaz hitz egiten du erakusketak, une horretako testuinguruaren isla, eta horregatik gogora ekartzen ditu, baita ere, kulturaren eta artearen esparruko zenbait gertaera garrantzitsu; Arteleku moduko arte zentroak, Amarica, Rekalde, Koldo Mitxelena erakusketa aretoak eta galeria komertzialak irekitzea; 1976ko Veneziako Biurtekoan euskal artistek egin zuten aldarrikapena, edo Pott, Oh! Euzkadi,  Euskadi Sioux,  Araba Saudita, Globo Rojo moduko aldizkarien agerpena.

 

Pepe Espaliuk 1992. urtean antolatutako 'Carrying' performancearen argazki sorta, Artium. / E. Anda

Erakusketak, gainera, garai horretan praktika artistikoekin eta beste diziplina batzuekin mugakide ziren lurraldeetan egindako esplorazio lana erakusten du, besteak beste, zineman Ivan Zuluetak edo Angel Rebolledok egin zituzten film esperimentalak edota Eduardo Txillidak kartelgintza eta literaturan egindako lan sortak.

Museoaren bildumaren lanez gainera, azken urtean erakundeen funtsetara iritsi diren gordailuak, dohaintzak eta erosketak ere aurki daitezke aurkeztu berri duten erakusketan, Esther Ferrer artistaren Gorputz ekintzak bideo performance saila edota Gure Artea lehiaketako lan multzo garrantzitsua kasu.

Mugimendu feminista

Erakusketaren lan osagarrietan abian jarri dituzten azterketa kasuen artean, Garazi Ansa historialari oiartzuarrak 1970etik 1990era arteko hamarkadetan mugimendu feministari buruz egindako ikerketaren emaitzak dakartza. Erdi-ezkutuan egon diren eta horregatik historiografia ofizialaren parte ez diren istorioak berreskuratu eta ikusgai jarri nahi izan ditu Hemen dira hutsunean igeri egindakoak. Tururu erakusketan. "Artearen eremua eta eta mugimendu politiko feministaren arteko intersekzioak aztertu ditu Garazik, itzalean izan ziren artistak argitara ekarriz", azaldu du Xabier Arakistain komisarioak erakusketaren aurkezpenean. Besteak beste, 1977ko jardunaldi feministetako afixak eta pegatinak ikus daitezke.

Bigarren azterketa-kasu bat ere abian dute, bi arte aldizkari oinarri dituena: Arena (Madril, 1989) eta Zehar (Donostia, 1989-2011). Arte-garaikidearen teorian eta kritikan erreferentzia izandako aldizkari hauek 1989. urtean jokatu zuten papera aztertu du Laura Vallesek, 1989. A travÈs de la arena proiektuan. "Aldizkarien arteko elkarrizketatik sortzen den espazio kritikoa bilatu nahi izan dut azterketa honetan, 80. hamarkadan ezarri zen kontsentsu eta memoria faltaren aldean espazio kritiko bat", azaldu du Vallesek aurkezpenean.

Zeru bat, hamaika bide erakusketa nagusiarekin batera, Jendetzaren erdian atxiloketari begira Gema Intxaustiren bilduma ere aurkeztu dute. 90eko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen eskulturaren hizkuntzen berrikuntzarekin lotuta dago bere lehen etapa. Hamarkada horren amaieran piztu zitzaion Intxaustiri testuen, marrazkien eta argazkien inguruko interesa, eta Erresuma Batura joan zen zinema ikastera. "Erakusketa honetan ahozkotasunera egin dudan ibilbidea ikus daiteke, eskulturan hasi eta bestelako gorputz bat hartzen joan den bidea", esan du Intxaustik aurkezpenean. Irudi kopuru mugatu baten bidez eraikitako narrazioak sortzen ditu Gernikako artistak, zinema eta artearen historiei egindako keinuekin.

Elena Mendizabal artistaren lanean barrena egindako eskultura bidaia ere egin daiteke Intxaustirenarekin parez pare, 80 eta 90eko hamarkadetan ekoitzitako lana xede hartuta. Eskultura izan da bere lana garatzeko erabili duen bitarteko nagusia, baina, tarteka, argazkia, marrazkia eta collagea erabili ditu, eta horietako lan esanguratsuak ere ikus daitezke zentro museoan. Mendizabalen 70 artelan baino gehiago biltzen ditu, egun desagertuta dauden hainbat proiekturen dokumentu eta argazkiekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago