Segurtasun-distantzia mantendu, lanabesak eta eskuak garbitu, maskarak erabili... Gasteizko udal baratze komunitarioak normaltasun berrira bidean daude, baina hainbat baldintza ezarri ditu Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, astelehenetik aurrera baratzean "banaka nahiz taldean" segurtasunez aritu ahal izateko.
Baratze komunitarioen ekipamendura sartu ahal izateko irizpide zehatzak eman ditu Ikastegiak edukierari dagokionez, betiere distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak errespetatuz:
- Partikularrei lagatako lursailetan: titularra eta harekin doan beste pertsona bat, lursail bakoitzeko bost pertsona baino gehiago elkartu gabe. Beren kargu dituzten menpeko pertsonak eraman ahal izango dituzte.
- Kolektiboei lagatako lursailetan: lursail bakoitzeko gehienez bost pertsona aritzea baimentzen da.
- Dibertsitate funtzionala dutenen kolektiboei lagatako lursailetan: lursail bakoitzeko gehienez hamar pertsona aritzea baimentzen da, hezitzaileak eta laguntzaileak barne.
Ordutegiari dagokionez, egun bakoitzean gehienez lau orduz aritu ahal izango da baratzean.
Abetxukuko Urarteko baratzeak astelehenetik ostegunera egongo dira zabalik, 8:00etatik 19:00etara; ostiralean, berriz, soilik goizez, 8:00etatik 15:00etara. Aparkalekua itxita egongo da, edukieraren kontrolaren inguruko arrazoiak direla eta.
Zabalortu (Zabalgana) eta Lakuakoloreko (Lakua) baratzeak soilik lanean aritzeko egongo dira zabalik; horretan dihardutenak baino ezingo da sartu ekipamendura.