Koronabirusa

Alavabusek zerbitzua indartu du gehien erabiltzen diren linea eta ordutegietan

Erredakzioa 2020ko mai. 18a, 11:31

Alavabus zerbitzuko bidaiari kopurua handitzen joan da apirilaren erdialdetik. / AFA

Bidaiari kopurua pixkanaka handitzen ari da, eta astelehenetik aurrera zerbitzua indartuko du Alavabus hiriarteko foru garraio-zerbitzuak.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak bidaiari gehien ibiltzen diren lineetan eta ordutegietan bidaia gehiago eskainiko ditu gaurtik aurrera, arabarren mugikortasun beharrak asetzeko eta bidaiarien arteko segurtasun tarteak gordetzen direla bermatzeko.

Neurriak eragina izango du, batez ere, 5. linean (Gasteiz/Dulantzi/Araia), 9. linean (Gasteiz/Logroño), 15. linean (Gasteiz/Amurrio/Laudio) eta 18. linean (Gasteiz/Durango).

Izan ere, bidaiari kopurua handitzen joan da apirilaren erdialdetik, jarduera ekonomikoa berreskuratzearekin batera. Aldundiaren arabera, gainera, azken hiru asteetan bidaiari kopurua hirukouztu egin da, eta egunero 500 bidaiari inguruk erabiltzen dute zerbitzua.

Halaber, maiatzaren 25etik aurrera ikasleak eskoletara itzultzen badira, beharra handiagoa izan daitekeela aurreikusi du Mugikortasun Sailak; hortaz, pixkanaka zerbitzua indartzen joateko prestakuntzan kokatu du neurria.

Segurtasun neurriak

Segurtasun neurri "zorrotzak" ezarri ditu Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak Alavabus zerbitzuan: adibidez, eserlekuen %50 erabiltzen ari dira, bidaiarien arteko segurtasun tartea gorde ahal izateko. Gainera, BAT txartelaren bidez ordaintzea lehenetsi da, eta desinfekzioa zein aireztatzea areagotu egin dira.

Gainontzeko garraio publikoan bezala, maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela gogorarazi die Aldundiak bidaiariei.

Hala ere, ezarritako neurrien arabera, etxebizitza berean bizi diren pertsonek ondoz ondoko eserlekuetan bidaiatu dezakete.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago