Koronabirusaren eraginez, Arabako ekoizle txiki asko beraien ohiko banaketa sistemak moldatzera edo kasurik txarrenetan etetera behartuta egon dira. Egoerari buelta emateko, elkarren artean antolatu eta merkatu aukera berriak bilatzeko ekintzak gauzatu beharrean bizi dira gertuko ekoizle gehienak, eta ALEAn ere helburu horretara bideratu nahi ditugu gure baliabideak, gertukoak zaintzea ezinbesteko betebeharra dela pentsatzen baitugu.
Elkar ezagutzeko asmoz osatutako azpi-webgune honetan, ekoizle txikiengana iritsi ahal izateko harremanetarako datuak eskuragarri jarriko ditugu herritarrentzat. Ekoizle bakoitzak nahi duen informazioa jarri ahalko du ikusgai, eta horrekin batera dagozkion harremanetarako datuak ere: telefono edo whatsapp zenbakia, posta elektronikoa, produktuei buruzko informazioa, norberaren webgunera lotura...
Azken finean, harreman sarea sortzea besterik ez dugu bilatzen egitasmo honekin. Hortik aurrera ekoizle eta kontsumitzaileen arteko hartu-eman zuzena garatuko da, bitartekaririk gabea eta modu gardenean garatutakoa.
Zer aurkitu dezaket 'Zaindu gertukoak' atalean?
Araban ekoiztutako produktuak izango dira protagonista atal berri honetan; eta, normalean, inguruko eremura mugatzen duten salmenta, arabar guztien eskura izango dute kanal berri honen bitartez.
Hasiera batean, elikagaien esparrura mugatuko dugu atal berri honetako informazioa: jatekoak, edatekoak eta beste batzuk. Atal bakoitzaren barruan arlo horretara dedikatzen diren ekoizleen datuak aurkitu ahalko direlarik.
Etorkizunean, beste sektore eta arlo batzuetara ere hedatuko dugu informazio eskaintza: komertzio txikiak, ostalaritza, aisialdirako eskaintza... gure bizimoduko arlo guztietan gertukoen aldeko hautua egin ahal izateko aukera eskaini nahi baitugu.