Zaindu gertuko ekoizleak

Erredakzioa 2020ko mai. 16a, 09:30

Lorabarri astean azoka antolatzen du Aramailur kontsumo elkarteak. Argazkia: Goiena

Araban produktuak merkaturatu edo banatzeko asmoz, nekazari, abeltzain eta ekoizle askok lanean jarraitzen dute; ALEAk beraiekin harremanetan jarri ahal izateko informazio kanalak zabaldu nahi ditu.

Koronabirusaren eraginez, eguneroko jarduna baldintzatuta ikusi dute sektore askotako beharginek; enpresetako langile asko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen menpe egongo dira, beste batzuk langabezian geratuko dira eta beren-kabuz lanean dihardutenen artean aurrera egiteko ziurgabetasun eta zalantzak izango dira nagusi. Egoera hori bizi dute, hain zuzen, bertako ekoizle txikiek ere.

Isolamenduaren eraginez, beraien ohiko banaketa sistemak moldatzera edo kasurik txarrenetan etetera behartuta egon dira. Hortaz, bizirauteko beharrezko duten salmenten erritmoari eutsi ezinda bizi dira gehienak azken aste hauetan zehar.

Egoerari buelta emateko, eta mundu globalizatuak eskaintzen dituen aukerak zapalduta ez geratzeko, lehiakorrak izateko bide berriak landu beharko dituzte ekoizle txikiek aurrerantzean. Hala, elkarren artean antolatu eta merkatu aukera berriak bilatzeko ekintzak ikusten hasi gara azken egunotan, eta ALEAn ere helburu horretara bideratu nahi ditugu gure baliabideak, gertukoak zaintzea ezinbesteko betebeharra dela pentsatzen baitugu.

Gertuko ekoizleek beraien produktuen kontsumoa berpiztea beharrezko izango dute ogibidearekin aurrera egingo badute. Alde, herritarren artean piztu den lankidetza eta elkarlanerako sentsibilitatea; kontra, berriz, berain produktuak ezagutarazi eta merkaturatzeko duten baliabide falta.

60. hamarkadan berreskuratu zen Angostoko azoka. Phot.ok.

Bide berriak irekitzea

Herritarrek erosotasunez jokatu ohi dugu, saltoki handietan edozer gauza eskuratu dezakegula iritzita, eta prezio merkeetan erosten dugula pentsatuz. Gainera, ez ditugu inguruan bizi diren ekoizle txikiak ezagutzen, eta hortaz ez dugu produktu alternatiboak kontsumitzeko aukerarik daukagula pentsatzen ere.

Egoera horretan, ekoizle txikiek, aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa dute komertzializazio bide berriak aurkitzea. Beraien produktuak ezagutarazi eta erosleekin harreman zuzena ezartzeko erremintak behar dituzte; eta, ahal den neurrian, behar horri erantzuna emateko asmoz "Zaindu gertuko ekoizleak" atala martxan jarriko dugu alea.eus webgunean.

Elkar ezagutzeko asmoz osatutako azpi-webgune honetan, ekoizle txikiengana iritsi ahal izateko harremanetarako datuak jarriko ditugu herritarrentzat eskuragarri. Ekoizle bakoitzak nahi duen informazioa jarri ahalko du ikusgai, eta horrekin batera dagozkion harremanetarako datuak ere: telefono edo whatsapp zenbakia, posta elektronikoa, norberaren webgunera lotura... Azken finean, harreman sarea sortzea besterik ez dugu bilatzen egitasmo honekin. Hortik aurrera ekoizle eta kontsumitzaileen arteko hartu-eman zuzena garatuko da, bitartekaririk gabea eta modu gardenean garatutakoa.

Aramaioko Lorabarri azoka. Goiena.eus

Bertako produktuak protagonista

Jakina da bertako produktuen kalitatea inork gutxik jarriko duela zalantzan. Gainera, bestelako saltokietan eros daitezkeen produktuak baino osasungarriagoak, jasangarriagoak eta dastagarriagoak dira kasu gehienetan izaera honetako produktuak.

Zoritxarrez, eta abantaila horiek izan arren, ez dute herritarren kontsumo ohituren artean dagokien tokia egiteko erraztasunik aurkitzen. Beraien produktuak merkatu zabalean saltzeko zailtasunak izaten dituzte, eta are gehiago bizi dugun egoeran.

Arrazoi horregatik, Araban ekoiztutako produktuak izango dira protagonista alea.eus webguneko atal berri honetan. Arabako ekoizle txikiek, normalean, inguruko eremura mugatzen dutena, orain edozein herritarren eskura izango da.

Hasiera batean, elikagaien esparrura mugatuko dugu atal berri honetako informazioa: barazki eta frutak, haragia, esnekiak, gozogintzako produktuak... eta egunez egun gure zerrendak osatzen eta handitzen joango gara.

Etorkizunean, beste sektore eta arlo batzuetara ere hedatuko dugu informazio eskaintza: komertzio txikiak, ostalaritza, aisialdirako eskaintza... gure bizimoduko arlo guztietan gertukoen aldeko hautua egin ahal izateko aukera eskaini nahi dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago