Koronabirusa

Lehenengo etapara igaro da Araba

Erredakzioa 2020ko mai. 8a, 20:41

Alerta egoerak maiatzaren 23ra arte iraungo du. / E. Lanao

Astelehenetik aurrera, aukera izango da jendea biltzeko eta hainbat denda irekitzeko

Herritarren konfinamenduarekin amaitzeko bidean, hurrengo fasera igaroko da Araba datorren astelehenetik aurrera. Espainiako Gobernuak egindako sailkapenean "lehenengo fasean" sartuko da maiatzaren 11n, beharrezko baldintzak beteta, Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren zuzendariak arratsaldeko agerraldian jakinarazi berri duenez. Etapa horretan aukera izango da jendea biltzeko eta hainbat denda irekitzeko; gehienez hamar lagun elkartu ahal izango dira kale edota etxeetan, 400 metro koadro baino gutxiagoko dendak ireki ahal izango dituzte, eta taberna eta jatetxeek ere terrazak ireki ahal izango dituzte %50ean. Etapa berrian ere, eta maiatzaren 23ra arte behintzat, alarma egoeran jarraitzeko agindua eman du Espainiako Gobernuak.

Lehenengo fasera egokitzeko kezka ugari dago, besteak beste, terraza erdiarekin tabernak irekitzea bideragarria ote den zalantzan jarri dutelako Arabako ostalariek. Gasteizko Udalak leku gehiago hartzea onartuko du, baldintza batzuekin, baina erdiguneko gunerik jendetsuenetan zaila izango da horretarako espazioa izatea. Etapa berrira nola egokitzen diren zain, ile-apaindegiek eta hainbat dendek dagoeneko pertsiana altxatu dute aste honetan; araudi berriarekin, "normalitatera" bueltan, itxarote-zerrendak eta ateko iladak dira nagusi egunotan. 

Faseak fase, ordea, koronabirusak gure artean jarraitzen du, eta bilakaera "ona" bada ere, "tentuz" ibili behar dela nabarmendu du Nekane Murga Osasun sailburuak: "Joera ona da, baina arretaz hartu behar dira datuak, eta orain arteko gomendio guztiak betetzen jarraitu behar dugu". Gogoratu du pertsona batek eztula, eztarriko mina, 37Cº-tik gorako sukarra, aire-faltaren sentsazioa edo usaimen-galera bezalako sintomak nabaritzen baditu, kutsatuta egon daitekeela eta isolamenduan jarri eta osasun-zentroarekin harremanetan jarri behar dela.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago