Naturak bere tokia hartu izanak erreakzio ezberdinak piztu ditu herritarren artean. Izan orkatzak, untxiak, hegaztiak edo basurdeak, orain arte lurraldean gizakiek okupaturiko espazioak animaliek berreskuratzeak harridura eragin du gasteiztar askoren artean. Aldiz, beste toki batzuetan, Bastidan kasu, hainbat nekazarik haserre salatu dute orkatzek eta untxiek mahastietan eginiko kalteak. Arabako Diputazioari eskatu diote, beraz, animalia hauek ehizatzeko baimena, eta Nekazaritza sailak ezohiko baimena eman berri du kalteak atzematen diren kasuetan itxaronaldiak egin ahal izateko.
Landa eremuan jende gutxiago mugitzen denez, orkatz asko askatasun handiagoz mugitzen dira orain. Eta berdin gertatu da hiriburuan. Hala, iragan apirilaren 18an, Gasteizko Iparraldeko parkean, Molinuevo ikastetxetik gertu, orkatz txiki bat agertu zen despistaturik. Udaltzainek harrapatu eta Martiodako animalien suspertegira eraman zuten, gero askatzeko. Mendizorrotzeko igerilekuetan ere agertu zen belarjale bat, eta Arriagako parkean, esate baterako, untxiak saltoka ikusi dituzte bizilagunek.
Era berean, hiriko isiltasuna eta bakea aprobetxatuz, belatz gorriak, buztanikara zuriak, amilotxak eta beste dozenaka txorik etxeko teilatuetan, telebista antenetan eta kaleetako eta parkeetako zuhaitzetan dabiltza, lasai antzean.
Etxeetan behatokiak
Bada, egoera hori aprobetxatuz, Ornitho Euskadi atarian #EtxeanGeratukoNaiz proiektua sortu dute, eta martxoan eta apirilean zehar etxeetatik ahalik eta animalia- espezie gehien atzemateko topaketa antolatu dute. Proiektuak hiru helburu bete nahi izan ditu: "Gure herri eta hirietako espezieak ezagutzen laguntzea, hiriko biodibertsitateari buruzko dibulgaziorako aukera bikaina sortzea eta konfinamenduari lotutako asperdurari aurre egiteko arrazoi erabilgarri eta dibertigarria eskaintzea".
Hala, iragan martxoaren 28an, etxeak fauna basatiaren behatokiak bihurtuta, Euskal Autonomia Erkidegoko 50 parte-hartzailek baino gehiagok 92 espezie desberdini buruzko ia 1.000 behaketa igorri zituzten. Horietatik 36 Gasteizen egin zituzten, 28 Barrundian, 25 Legution eta 30 Zuian. Guzti horietatik, %88 hegaztiak izan ziren, eta behaketa gehien izan zituen espeziea zozo arrunta izan zen. Azken topaketa apirilaren 26an egin dute.