Ia mundu mailako konfinamendua, aurrekaririk gabeko egoera batean. Une latz honetan, nahigabean, esperimentu erraldoi bat ari da gertatzen munduan; ekonomia, giza harremanak, ingurumena… arlo anitzetan islatuko den egoera bitxia izango da. Naturan ere aldaketak gertatzen ari dira. Gertatzen ari omen dira. Izan ere, oraindik ez dago horri buruzko daturik, eta zaila izango da, gainera, datu horiek kontrastatzea. Baina testigantzak biderkatzen ari dira, mundu osoan: gero eta animalia gehiago ikusten ari dira hutsik dauden hiri eta herrietan.
Azken urteetan sare sozialen gorakadarekin gertatu ohi den moduan, informazio azkarraren amaigabeko jario horretan zaila da errealitatea eta gezurra bereiztea. "Sare sozialen bitartez denok ari gara jasotzen halako bideoak, baina argi dago horietako asko faltsuak direla, gehienetan beste nonbaiten grabatutakoak", azaldu du EHUko biologo Joxerra Aihartzak.
"Guk pauso bat atzera ematen dugun bezain pronto, naturak betetzen ditu guk libre utzi ditugun espazioak."
Joxerra Aihartza, EHUko biologoa
Zientziaren jendeak erakusten duen zuhurtziaz lagunduta, gaiaren bueltan momentuz pertzepzioak besterik ez daudela ohartarazi du Aihartzak. Baina, aldi berean, argi du ere halako egoeratan naturak hartzen duen bidea zein den. "Beti daukagu joera bat pentsatzeko mundua gure mendekoa izan dela, eta hala izango dela aurrerantzean ere. Baina garbi dago: guk pauso bat atzera ematen dugun bezain pronto, naturak betetzen ditu guk libre utzi ditugun espazioak".
Historian zehar errepikatu dira antzeko gertaeren pasarteak. Maien mundua datorkio burura Aihartzari. "Duela urte batzuk Yucatango Calakmul inguruan ibili nintzen. Duela 300-400 urte hiri izugarri handia izan zen, baina orain oihanak guztiz irentsi du. Hiruzpalau piramide mutur besterik ez dira geratzen, zuhaitzez osatutako itsaso berde baten gainean. Hor argi ikusten da garai bateko gizateriaren arrasto batzuk baino ez daudela, naturak gehiena hartu duelako".
Denboran gertuagoko adibideak ere badira; beti ere, muturreko egoeretan abiatuta. Txernobilgo adibidea hor dago, eta bertan argi ikusi da naturak azkar bete duela gizakiak utzitako espazioa. Edo, hain ezaguna ez izanda ere, Zipreko Varosha hiria aipatu liteke, 1974an turkiar armadaren inbasioaren ondorioz egun batetik bestera hustutako gunea.
Gaur egungo egoera, noski, ez da hain muturrekoa. Baina bai atentzioa emateko modukoa. Adituak azaldu duenez, batez ere ugaztunak dira hirien inguruan ikusten ari direnak. Basahuntzak edota oreinak, esaterako. "Basurdeak ere ikusten ari dira, batera eta bestera. Baina basurdeen kasua desberdina da, pandemia baino lehenago ere ikusi ditugulako hirietan. Hor arazoa bestelakoa da: gainpopulazioa".
Neurketarik ezin egin
Baina, pertzepzioaz gain, zientzialariak aldaketa horiek neurtzeko moduan egongo al dira? "Tira, ustekabean harrapatu gaituenez, ez dut uste inork denbora izan duenik halako esperimentu bat diseinatzeko. Kontuan izan behar duzu, gainera, neurketak egitekotan, pandemia aurreko neurketak ere izan beharko genituzkeela. Hori egin izan balitz, seguruenera datu interesgarri batzuk izango genituzke".
"Ustekabean harrapatu gaituenez, ez dut uste inork denbora izan duenik halako esperimentu bat diseinatzeko."
Jordi Gomez, Arabako Natur Institutuko ornitologoa
Konfinamenduan sartuta ibili da ere Jordi Gomez Felipe Arabako Natur Institutuko ornitologoa, baina naturarekin kontaktuan jarraitzeko aukera izan duten kideekin hitz egiteko moduan egon da. "Kide horiek komentatzen didatenez, orain landa eremua oso lasai dago. Ehizarik ez dagoenez, inoiz baino hazkuntza gehiago dagoela dirudi, batez ere eperrak edo galeperrak bezalako hegaztietan". Gomez Felipek ere nabarmendu du momentuz pertzepzioa besterik ez dela, egungo egoerari buruzko daturik eskuratzeko modurik ez dagoelako. "Are gehiago, urtean zehar hegaztien zenbaketak egiten ditugu eta, tamalez, aurten datu horietan hutsune handi bat egongo da".
Gizakien faltak ez dio soilik eragingo hegaztiei. "Perretxikoak eta barraskiloak datozkit burura. Hauek urtero bilketa handi bat jasaten dute, batez ere San Prudentzioren atarian". Aldaketa horrek nolabaiteko eragina izango duelakoan dago aditua.
Gainera, udaberriarekin batera etorri da konfinamendua; natura bizi-bizirik dagoen une batean, alegia. Hori faktore garrantzitsua izan daiteke, adibidez, hegaztiei jatekoa eman behar ote zaien eztabaidari begira. "Argi dago orain janari gutxiago dagoela kalean. Ikastetxeetako patioetako otartekoen arrastoak eta kalean erortzen diren bestelako jakiak, adibidez". Gaiaren inguruan jarrera desberdinak daudela azaldu du ornitologoak. "Nire ustez, kontserbazio arazoak ez dituzten animaliei bere horretan utzi behar zaie, haien eboluzio naturala izan dezaten".
Are gehiago, udaberria izanda, txoriek haien elikadura aldatu ohi dute, txitak elikatzeko proteinak hobesten dituztelako. "Badakizu, intsektuak, arrak eta horrelako harrapakin txikiak jaten dituzte". Ornitologoak gogoratu du urtero kanpainak egiten dituztela neguan, txoriak elikatzeko, baina udaberria datorrenean janlekuetako elikagaiak pixkanaka kentzen dizkietela, hegaztiak haien kabuz elikatzen has daitezen. Usoen kasua desberdina dela azaldu du. "Normalean ogia ematen zaie, baina ogi horrek gatza du, eta ez da batere ona beraientzat, hegazti gehienek ez baitute modurik gatz hori kanporatzeko".
Dena dela, honetatik ere irakaspenak ateratzeko moduan egongo garelakoan dago ornitologoa. Bat dator Joxerra Aihartza. Momentuz datuak eskura izan ez arren, biologoaren ustez, "oso kuriosoa da ikustea aldaketaren susmo horiek oso denbora gutxian" agertu direla. Adituak uste du espezie batzuek besteek baino abantaila gehiago aterako dietela egoerari. "Halako aldaketa handiak gertatzen direnean, abantaila ateratzen dutenak beti dira espezie oportunistak, eta ez hainbeste espezie espezialistak. Halako aldaketa batean, guk utzitako espazioa betetzen agertuko dira hurbilen dauden oportunistak".
"Halako aldaketa handiak gertatzen direnean, abantaila ateratzen dutenak beti dira espezie oportunistak, eta ez hainbeste espezie espezialistak"
Joxerra Ahiartza, EHUko biologoa
Horiek nahiko plastizitatea duten espezieak dira, eta jokabidean zein ekologian bizi baldintza ezberdinetara egokitzeko gai dira, hortik abantaila aterata. "Neurri handi batean, esan daiteke birusekin ere antzeko zerbait gertatzen dela. Birus oportunistak animalia batetik bestera salto egiteko gaitasuna dutenak dira". Hortaz, ataka honetatik irakaspen garrantzitsu bat ateratzeko moduan gaudela nabarmendu du Aihartzak. "Ekosistema batean zenbat eta aldaketa gehiago egin, zenbat eta ezegonkorragoa izan, are zailagoa da espezialistek bizirik irautea, eta are abantaila gehiago lortzen dituzte oportunistek".
Ekosistemak eraldatu ahala, oportunistak gailenduko direla dio Aihartzak, eta, beraz, espezialisten artean galduko da bioaniztasun gehien. "Hau da, denbora oso luzean txoko ekologiko konkretu batera egokitzea eta hor hoberenak izatea lortu dutenak galduko dira. Funtsean, aulkia mugitzen diegunean, erori egiten dira". Adituaren iritzian, koronabirusaren krisian, erabiltzeko moduko irakaspena da, ekosistemen aldaketa lagungarri izan zaiolako SARS-CoV-2 gisa izendatu dugun oportunista txiki bati.