Helduek gehienez bi pertsonako ibilaldiak egin ahal izango dituzte, kilometro bateko eremuan; beste pertsonak etxe berean bizi edo zaintzailea izan behar du. Kirolarien kasuan, ordea, eremua ez da mugatu, baina udalerri barruan eta bakarka egin beharko da.
Edozein kasutan, egunean behin irteteko aukera egongo da, baina ez da denbora mugarik ezarri; muga bakarra ordutegiaren errespetuan zehaztu du Espainiako Gobernuak, eta, ibilaldien kasuan, kilometro bateko eremuan.
Jarduera horietatik kanpo geratzen dira sintomak dituzten edo berrogeialdian dauden pertsonak, gaixotasuna izan dutelako edo gaixo batekin kontaktuan egon direlako.
Bestalde, udalerrien esku utzi du Espainiako Gobernuak jarduera fisikoa egiteko guneen inguruko erabakia; izan ere, neurri hori "gomendagarria" dela adierazi du, "pilaketak saihesteko".
Ordutegiak
Hauek dira Osasun ministro Salvador Illak iragarri dituen ordutegiak:
- 6:00-10:00: paseoak eta kirola, helduentzat.
- 10:00-12:00: zaintza behar dutenak eta 70 urtetik gorako pertsonak.
- 12:00-19:00: 14 urtetik beherako umeak (aurretik ezarritako baldintzetan).
- 19:00-20:00: zaintza behar dutenak eta 70 urtetik gorako pertsonak.
- 20:00-23:00: paseoak eta kirola, helduentzat.
5.000 biztanletik beherako udalerriak
Ordutegiak ez dira finkatuko 5.000 biztanletik beherako udalerrietan. Hortaz, Arabako herri gehienetan ordutegi finkorik gabe egin ahal izango dira ibilaldiak eta kirola; izan ere, soilik Gasteiz (251.774 biztanle), Laudio (18.102), Amurrio (10.350) eta Agurain (5.062) udalerriei eragingo die ordutegi horrek.
Arabako 47 udalerrik 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte (Trebiñu eta Argantzon kontatu gabe); guztira, 46.000 biztanle baino gehiago geldituko dira finkatutako ordutegitik kanpo.
Hori bai, udalerri horietan aipatutako jarduerak 6:00etatik 23:00etara egin beharko dituzte.
Nekazaritza jarduera
Halaber, ministroak iragarri duenez, profesionalak ez diren nekazaritza jarduerak egin daitezke, produktuak zaintzeko eta biltzeko; betiere, baratze horiek bizilekuan edo alboko udalerrian egon beharko dira.
Noraino joan ahal izango naiz paseoan?
Gaindegiak sortutako mapa interaktibo honek norbere bizitokia aukeratu eta kilometro bateko eremua bistaratzeko aukera ematen du: