Lehiaketa

'Leihotik kalera' argazki lehiaketa berria ALEAn

Erredakzioa 2020ko api. 30a, 17:22

Irudimena erabili eta bidali zure argazkia. / RUBEN ARGOTE

Apirilaren 30etik maiatzaren 8ra, argazki lehiaketa antolatuko dugu ALEAn, konfinamenduaren zein deseskalatzearen bizipenak irudien bitartez elkarbanatzeko asmoz.

Hilabete baino gehiago daramagu itxialdian, baina asteburu honetatik aurrera konfinamendua arintzen hasiko da. Nola bizi izan dituzue azken aste hauek? Nola biziko dituzue datozen egunak?

Etxeko leihotik, etxe barruan edo kalean kamararekin harrapatu dituzuen une eta irudi horiek ikusi nahi ditugu. Horregatik, beste argazki lehiaketa bat antolatu dugu ALEAn.

Gainera, bi sari zoragarri banatuko ditugu irabazleen artean: GoPro motako kamera eta ALEAren produktu sorta.

  • ALEAkideen saria: erabiltzaileen artean boto gehien jasotzen duen argazkia. Irabazlearen aukeraketa boto ireki bidez egingo da, adierazitako epean; edozein herritarrek izango du botoa emateko aukera alea.eus webgunearen bitartez, eta parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki aukeratu ahal izango ditu.
  • Epaimahaiaren saria: ALEAko lantaldeak parte-hartzaile guztien artean argazki bat aukeratuko du.

Ez izan lotsarik, irudimena erabili eta bidali zure argazkia.

Epeak

  • Argazkiak bidaltzeko azken eguna maiatzaren 8a izango da (12:00ak arte). 
  • Bozketa epea maiatzaren 8tik 13ra (12:00etan) bitartean zabalik egongo da.
  • Irabazleak maiatzaren 13an jakinaraziko dira, ALEA aldizkariaren ale berriarekin batera. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago