"Arabako ekoizle txikiak banaketan laguntzeko nago"

Mirian Biteri 2020ko mai. 3a, 08:00

Araba osotik dabil Mikel Garcia.

Araba bihotzean du Mikel Garcia gasteiztarrak, eta bertako produktuak ezagutaraztea ogibide bilakatu du, 'El Fogon de Alava' proiektuari esker.

Ostalaritzatik azoketan nahiz bestelako bideak erabiliz bertako produktuak saskietan eta lote ezberdinetan saltzera pasa zen orain dela bost bat urte Mikel Garcia gasteiztarra. San Prudentzio dela eta, pasa den asteartean, Armentiako zelaietan jarritako postu batean egotekoa zen, baina, koronabirusagatik ez zen posible izan. Egoerari aurre egiteko helmuga berriak asmatu behar izan ditu asteotan; tartean, Arabako ekoizle txikiei beraien produktuak herritarren eskuetan jartzen laguntzea, atez ateko zerbitzua sustatuz. 

Koronabirusak lan egiteko modua aldatu dizu...

Bai. Koronabirusa dela eta, Arabako ekoizle txikien biltegiak beteta daude eta horiek hustu behar dira. Mahatsondoek mahatsak ekarriko dituzte irailean, eta sagarrondoek, sagarrak; eta hortaz, orain biltegian dagoenari irtenbidea eman behar zaio. Ekoizleak ahal duten moduan desegiten ari dira duten eskaintzaz, eta ni banaketan laguntzeko prest nago. 

Nola egiten duzu zehazki lan?

Sare sozialetan jasotzen ditut eskaera guztiak, eta etxez etxe noa eskatutakoa banatzen. Araba osotik mugitzen naiz. 

Harrigarria bada ere, sare sozialen bidez mugitzen dut guztia: hain justu ere, WhatsAppetik eta Facebooketik, Azken Euskadi izeneko perfilaren bidez. Kontuan hartu behar da guzti hau ez zegoela prestatuta, Covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko bapateko erabaki azkarra izan da.

 

Zuk kudeatzen duzun 'El Fogon de Alava' webgunean aurkitu daiteke eskaintza guztia. Zenbat produktu dituzu gaur egun?

Zenbat ez dakit, baina Araban egindako askotariko produktuak aurki daitezke: tartean, Arabako Errioxako ardoa, Aiaraldeko txakolina eta likoreak, Aramaio eta Kuartangoko sagardoa, Mendialdeko eta Añanako lekaleak eta eztia, Añanako gatza, trufa-patea, Mendialdeko eta Lautadako gaztak, Brasileñako kafea, Ixonako patata eta beste hamaika produktu. Bestetik, Araban ez dauden baina Euskal Herriko bestelako txokoetan ekoizten diren hiruzpalau produktu ere baditut: Nafarroako zainzuriak, hegaluzea eta piparrak, esaterako.

Egoeraz baliatuta, nahi dituzten produktuak eta nahi duten prezioan ari dira saltzen enpresa handiak. Horren aurrean, ekoizleen produktuak kalera ateratzea erabaki dugu, nahi duenak eros ditzan. Prezioak oso neurtuta daude.

Esan bezala, koronabirusa dela eta, oztopo asko jarri izan dira bertako ekoizleek bere produktuak saldu ditzaten, eta hortaz, hainbat produkturen prezioek behera egin dute. Adibidez, webgunean sartzen bazara, ikusiko duzu otar baterako lekale poltsa 7,5 euroan dagoela salgai; baina, hori bakarrik erosita euro bat merkeago dago. Hemen ez gaude diru asko irabazteko, gune komertzialei aurre egiteko baizik.

Bestelako egitasmotxoak ere badituzu esku artean...

Bai, egunotan Gorbeialdeko Kuadrillarekin ere banabil lanean, produktuen banaketari dagokionez, Fogon de Alava ekoizleei eskaintzeko; asmoa da zerrenda bat osatzea komertzio eta ekoizleen kontaktuarekin eta eskaintzarekin. Gorbeialdearekin hasi naiz lan egiten, baina kuadrilla edo udal guztiei zabalik nago. Helburua da oso gogorrak izango diren hurrengo hilabeteotan ahal den moduan laguntzea.

'Fogon de Alava' sortu zenuenetik Arabako produktuak ezagutarazteko helburua izan duzu, ezta? 

Hala da. Hasiera batean azoketatik bakarrik ibiltzen nintzen; Arabako txosna bat bezalakoa nintzen bertako produktuekin: besteak beste, Aiaraldeko txakolina, sagardoa, Arabako Errioxako ardoak, bertako musika taldeen garagardoak edo Falzue gisa batailatutako edaria eskaintzen nituen. Baina, denborarekin, soberan geratzen zen produktuari irtenbidea emateko otarrak Internet bidez saltzea bururatu zitzaidan.

Musika taldeen garagardo artisaua?  

Kultura eta gastronomia uztartzea helburu zuen proiektu bat martxan jartzeko asmoarekin, Arabako hainbat musika talderekin jarri nintzen harremanetan bere garaian, eta garardo artisaua beraien izenarekin etiketatzea proposatu nien; ideia ona iruditu zitzaien. Hain zuzen ere, Kaotiko, Gatillazo, Green Valley, ETS eta gitarra-jotzaile gasteiztarra duen No konforme taldeak daude honetan sartuta.

'Euskoalaves' pertsonaia ere zu asmatutakoa da. Nor da eta zer asmoarekin dago sortuta?

Arabako produktuak ezagutarazten hortik eta hemendik dabilen orga batekin doan pertsonaia bat da Euskoalaves: futbol eta saskibaloi partiduetara eta bestelako ospakizunetara joateaz gain, urtero, Aste Santuan Santiagoko bidea egiten dut horrekin, oinez; aurten, koronabirusa dela eta, ezinezkoa izan da. Baina, guzti hau amaitzean, kalera irtengo da berriro. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago