Etxealditik Euskaraldira

Ze hizkuntzatzan hitz egiten dut etxean eta etxetik?

Erredakzioa 2020ko api. 22a, 10:32

Lehenengo ariketa proposatu du Etxealditik Euskaraldira ekimenak: "Zein harremanetan egin nahi duzu hizkuntza aldaketa eta zeintzutan finkatu nahi duzu euskarazko harremana?".

Galdera batekin abiatu dute lehenengo ariketa: "Pentsatu al duzu inoiz zer hizkuntzatan aritzen zaren zure ingurukoekin? Senideekin, lagunekin, egunero hitz egiten duzun lankidearekin…. Zein hizkuntza erabiltzen duzue elkarrekin hitz egiten duzuenean? Eta hainbat batera elkartzen zaretenean?".

Ariketa erraz bat proposatu dute, paper edo kartulina batean egiteko modukoa: "Pentsatu, idatzi eta erabaki zein harremanetan egin nahi duzun hizkuntza aldaketa eta zeintzutan finkatu nahi duzun euskarazko harremana".

Bukatzerakoan argazkia atera eta sare sozialetan partekatzea eskatu dute, @euskaraldia aipatuz eta #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliz.

Konfinamenduan erabiltzen ditugun hizkuntza ohiturak zeintzuk diren eta horien arrazoiei erreparatzea xede duen Etxealditik Euskaraldira egitasmoa martxan jarri du Euskaltzaleen Topaguneak; hizkuntza ohitura horiek aldatu edo finkatzea da egitasmoaren helburu nagusia.

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra arte

Apirilaren 20an hasi zen, eta maiatzaren 3ra arte luzatuko da ekimena. Sei hilabete barru, azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, egingo den Euskaraldia prestatzeko lagungarria izatea da sustatzaileen asmoetako bat.

Hurrengo egunetan, Etxealditik Euskaraldira ekimena gizarteratzeaz gain, hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bultzatuko dute, eta proposamenak jasoko dituzte. Martxan jartzen denean, irizpideak eta proposamen zehatzak zabalduko dituzte Euskaraldiko sare sozialen bitartez. Horretarako, #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliko dute ere.

Behin aurkeztuta, hiru fase izango ditu ekimenak: apirilaren 21etik 23ra, hausnarketa fasea; apirilaren 24tik 30era, hizkuntza ohiturak aldatzeko edota mantentzeko aukerak zabalduko dituzte proposamenen fasean; eta, azkenik, sortutako komunitatea ikusaraziko dute maiatzaren 3an, ekimenarekin amaierarekin.

Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, eta partaidetza adierazteko, etxeetako leiho eta balkoietan puntu koloredun bat jartzea proposatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide