Etxealditik Euskaraldira

Zer egin hizkuntza ohiturak etxetik aldatzen hasteko?

Erredakzioa 2020ko api. 20a, 12:29

Kike Amonarrizek eta Rita Aldabaldetrekuk bideo batean aurkeztu dituzte gaur bertan abiatu den Etxealditik Euskaraldira ekimenaren xehetasunak.

Ekimenaren lehen egunean ekimenaren nondik norakoak azaldu nahi izan dituzte, hurrengo egunetan jasoko dituzten proposamenen atariko gisa.

Konfinamenduan erabiltzen ditugun hizkuntza ohiturak zeintzuk diren eta horien arrazoiei erreparatzea xede duen Etxealditik Euskaraldira egitasmoa martxan jarri du Euskaltzaleen Topaguneak; hizkuntza ohitura horiek aldatu edo finkatzea da egitasmoaren helburu nagusia.

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra arte

Apirilaren 20an hasiko da, eta maiatzaren 3ra arte luzatuko da ekimena. Sei hilabete barru, azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, egingo den Euskaraldia prestatzeko lagungarria izatea da sustatzaileen asmoetako bat.

Hurrengo egunetan, Etxealditik Euskaraldira ekimena gizarteratzeaz gain, hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bultzatuko dute, eta proposamenak jasoko dituzte. Martxan jartzen denean, irizpideak eta proposamen zehatzak zabalduko dituzte Euskaraldiko sare sozialen bitartez. Horretarako, #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliko dute ere.

Behin aurkeztuta, hiru fase izango ditu ekimenak: apirilaren 21etik 23ra, hausnarketa fasea; apirilaren 24tik 30era, hizkuntza ohiturak aldatzeko edota mantentzeko aukerak zabalduko dituzte proposamenen fasean; eta, azkenik, sortutako komunitatea ikusaraziko dute maiatzaren 3an, ekimenarekin amaierarekin.

Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, eta partaidetza adierazteko, etxeetako leiho eta balkoietan puntu koloredun bat jartzea proposatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago