Etxealditik Euskaraldira

Etxealdian hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoa abiatu dute

Erredakzioa 2020ko api. 16a, 14:08

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte izango da 2020ko Euskaraldia. / ALEA

Konfinamenduan erabiltzen ditugun hizkuntza ohiturak zeintzuk diren eta ohitura horien arrazoiei erreparatzea xede duen Etxealditik Euskaraldira egitasmoa martxan jarri du Euskaltzaleen Topaguneak.

Apirilaren 20an hasiko da, eta maiatzaren 3ra arte luzatuko da ekimena. Sei hilabete barru, azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, egingo den Euskaraldia prestatzeko lagungarria izatea da sustatzaileen asmo nagusia.

Hurrengo egunetan, Etxealditik Euskaraldira ekimena gizarteratzeaz gain, hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bultzatuko dute, eta proposamenak jasoko dituzte. Martxan jartzen denean, irizpideak eta proposamen zehatzak zabalduko dituzte Euskaraldiko sare sozialen bitartez. Horretarako, #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliko dute ere.

Bost fase izango ditu ekimenak: apirilaren 18tik 20ra, aurre-kanpaina; apirilaren 20an, ekimenaren hasiera; apirilaren 21etik 23ra, hausnarketa fasea; apirilaren 24tik 30era, hizkuntza ohiturak aldatzeko edota mantentzeko aukerak zabalduko dituzte proposamenen fasean; eta, azkenik, sortutako komunitatea ikusaraziko dute maiatzaren 3an, ekimenarekin amaierarekin.

Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, eta partaidetza adierazteko, etxeetako leiho eta balkoietan puntu koloredun bat jartzea proposatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago