Dagoeneko 273 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik; zazpi pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan.
Ospitaleek saturazio fasea gainditu dute, baina nork bere burua babestearen garrantziaz ohartarazi du Nekane Murga sailburuak: "Txagorritxun eta Santiagon Covid-19 positibo ez diren paziente gehiago daude ospitaleratuta koronabirusarekin baino", adierazi du.
Une honetan 214 pertsona daude ingresatuta Arabako ospitaletan. Arabako Unibertsitate Ospitalean 185era jaitsi da koronabirusaren ondorioz ingresatutako lagunen kopurua; horietatik, 155 daude solairuetan eta 30 ZIUn. Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 29 lagun artatzen ari dira.
Bitartean, bost alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste hiru pertsona atera dira ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.
[GRAFIKO INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta
114 hildako adinekoen egoitzetan
Aldundiaren azken datuen arabera, Arabako egoitzetako zazpi erabiltzaile gehiago hil dira azken orduetan; guztira 114 dira koronabirusaren ondorioz hildako egoiliarrak.
Bestalde, 388 kasu positibo atzeman dituzte Arabako egoitzetan: 231 zentro pribatuetan, 149 foru egoitzetan, eta gainerako zortziak lurraldeko hainbat udal zentrotan.
Horrez gain, buruko gaixotasuna duten pertsonentzako etxebizitza batean erabiltzaile baten heriotza baieztatu dute. Egoiliarrak 61 urte zituen, eta hainbat patologia zituen aurretik, Aldundiak azaldu duenez. Guztira 37 kasu positibo zenbatu dira zentro horietan, eta bost pertsona ospitaleratu dituzte.
Jarduera ekonomikoa berriro martxan
Iragan asteburuan hilabete bete du Espainiako Gobernuaren konfinamendu aginduak, eta egoera mantentzen bada ere, funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa eteteko agindua bertan behera geratu da astelehenean.
Arabako industrian, zerbitzuetan eta administrazioan jarduera berreskuratuko da gaurtik aurrera. Bestalde, Autobus Elektriko Adimentsua (BEA) ezartzeko, Amvisako kolektorea ordezteko edo Terrorismoaren Biktimen Memorialaren ingurua berrurbanizatzeko lanek jarduera berreskuratu dute.
Enpresa handien jarduerari dagokionez, Michelinek ekoizpenari berrekin dio, baina itzulera mailakatua izango da; langile guztiak ez dira oraindik itzuli. Gainera, kontrol neurriak areagotu egin ditu enpresak. Mercedesek, berriz, apirilaren 27ra atzeratu du oraingoz lanera itzultzeko data.
Haur eskolen matrikulazioa etenda
Apirilaren 29rako aurreikusita zegoen 0-3 urte bitarteko haurrak 2020-2021 ikasturterako izena emateko epearen hasiera. Hala ere, hirian dauden titulartasun publikoko haur eskoletako matrikulazio epea etenda uztea erabaki du Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak.
74.000 maskara
Gurutze Gorria eta Babes Zibila kudeatzen ari dira maskaren banaketa herritarren artean; asteartean eta asteazkenean, Arabako hiriburuko garraio publikoan banatuko da Madrilek bidalitako ekipamenduaren zati bat: 64.000 maskara.
Horrez gain, beste 10.000 maskara banatuko dituzte Amurrion, Laudion, Buradon Gatzagan eta Gaubean.
Maskaren erabilerari dagokionez, infografia bat argitaratu du Osasun Sailak, nola eta zein egoeratan erabili behar diren azaltzeko irizpideekin; halaber, argitu du horiek ez dituztela ordezten funtsezko bi gomendio nagusiak: eskuen garbiketa eta pertsonen arteko distantzia.
Lau atxiloketa Aste Santuan
Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi du lau pertsona atxilotu dituela Aste Santuan, konfinamendua ez betetzeagatik; agintaritzari desobedientzia larria egotzi die 34, 27, 38 eta 39 urteko lau gizonezkoei. Horietako hiruk hainbat salaketa zituzten aurretik, arrazoi beragatik.
Alarma egoera hasi zenetik, Udaltzaingoak 11 pertsona atxilotu, 1.409 salaketa jarri eta 7.813 ibilgailu kontrolatu ditu.
Bestalde, Aste Santuan zehar, adinekoen 49 egoitza desinfektatu dituzte suhiltzaileek.