Igande honetan egingo den Ministroen Kontseiluaren ezohiko bileran onartuko dute. "Salbuespenezko neurria da: funtsezkoak ez diren jardueretako langile guztiek etxean geratu beharko dute datozen bi asteetan", adierazi du Sanchezek Moncloan egindako agerraldian.
Neurria astelehenetik aurrera hasiko da, eta oraingoz apirilaren 9ra arte iraungo du. "Egun hauetan langileek normaltasunez jasoko dute soldata, eta eskaini gabeko lan orduak berreskuratuko dituzte aurrerago", azaldu du Espainiako presidenteak.
Alarma egoera iragarri eta bi astera egin du agerraldia Pedro Sanchezek, eta apirilaren 11ra arte luzatuko dela iragarri eta astebetera.
Zeintzuk dira funtsezko jarduerak?
Berrogeita hamar bat jarduera lirateke funtsezkoak, Espainiako Gobernuaren erabakiaren arabera. Honako hauek dira astelehentik aurrera aktibo mantenduko diren arlo ekonomikoak:
- Laborantza, arrantza, abeltzaintza, nekazaritza eta lehen sektoreko beste adar batzuk.
- Ehungintza eta, tartean, osasun langileak babestera bideratutako laneko arroparen ekoizpena.
- Produktu kimiko farmazeutikoak edo hornidura mediku zein terapeutikorako balio dezaketen ekipoak fabrikatzea.
Pedro Sanchezek prentsaurrean azaldu duenagatik, komunikabideetako profesionalek eta osasun arloko langileek ere lanean jarraituko dute.
Guztira, 51 salbuespen aurreikusten dira. Gainerako jarduerak etengo dira, lantegietan eta lantokietan kontaktua murrizteko.