Funtsezkoak ez diren jarduerak lanera bueltatuko dira hurrengo astean. Halere, plazak, merkatuak eta azokak bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak. Baserritarrek zuzengabeko neurria dela deritzote. Horregatik, abian jarri dute eragileen eta elkarteen artean sinadura bilketa; halaber, baserritarren eta kontsumitzaileen eskubideak "urratzen" dituen neurriari aurre egiteko ekimenak iragarri dituzte. Oñatiko Udala izan da lehena baserritarren jarduera babesten.
Gasteizen, ordea, Santa Barbara plazako salmenta merkatua bertan behera utzi dute, ostegunero eta larunbatero egiten den azoka.
Berrehun eragile baino gehiagok sinatu dute dagoeneko baserritarren azokak mantentzearen aldeko eskaera (merkatu eta azokak zabalik). Idazkian adierazi dutenez, "argudio eskasak" ditu Eusko Jaurlaritzaren aginduak. Izan ere, EAEko Osasun sailak pertsonen joan-etorriak gutxitzea eta jende pilaketa saihestea erabili du agindua oinarritzeko
"Zergatik ez dira irizpide berberak baliatzen saltoki handiak, esaterako, Jaurlaritzak baserritarren produktuen salmentarako lehenetsi dituen Eroski, Uvesco (BM), Carrefour eta Alcampo-Simply merkataritza guneak ixteko?, –galdetu dute baserritarrek–. Horietara joateko ez al da joan-etorririk egin behar? Barruan ez al da jende pilaketarik gertatzen? Nor ari da zaintzen saltoki horien barruan jendeak distantziak gordetzen dituen edota jendeak gutxieneko higiene-arauak betetzen dituen?".
Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren aginduak herritarrenak ez ezik, baserritarren eskubideak ere urratzen dituela adierazi dute sinatzaileek, eta eskatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan elikagaiak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko merkatu eta azoka tradizional guztiak berriz ere irekitzea. Beti ere, nabarmendu dute, hartu beharreko osasun-neurri guztiak hartuta, "orain arte bezala".
Bestetik, herrietako udalei galdegin diete zuzeneko salmenta sareak babestea, eta banaketa zerbituak errazteko baliabideak jartzea. "Eta ezin ditugu ahaztu herrietan lanean ari diren dendari txikiak; azken dei bat egiten diegu herritarrei herriko dendak lehenesteko erosketak egiterakoan, gure baserrietako hainbat elikagai aurkituko dituztelako".
Baratzera joateko
Nekazaritza jarduerarekin lotuta, change.org plataformaren bitartez zabaltzen ari da ere autokontsumorako baratzeetan landatutako elikagaiak biltzera joateko eskaera. Izan ere, alarma egoerari buruzko dekretua ezarri zutenetik arazo handiak izaten ari dira baratzak dituzten herritarrek euren ortuetan landatutako elikagaiak jazotzera joateko, eta badira isunak ere jaso dituztenak.
Alta, sinadura bilketa abiatu duten herritarren ustetan, dekretuak bide publikoetan pertsonak ibiltzea ahalbidetzen du premia biziko elikagaiak eskuratzeko, eta hori da hain zuzen baratzak dituztenen kasua.
Dagoeneko milatik gora lagunek izena eman dute eskaera honetan.