Koronabirusa

Azokak bertan behera eta El Corte Ingles zabalik

Erredakzioa 2020ko api. 9a, 13:33

Santa Barbarako azoka asteazkenean, bertan behera geratu aurretik. / Erlantz Anda

62 kasu berriekin, guztira 2.904 kasu positibo daude gure herrialdean: 2.868 Lurralde Historikoan eta 36 Trebiñun. Horrez gain, zortzi pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan.

Dagoeneko 237 hildako eragin ditu koronabirusak Araban osasun krisia hasi zenetik; zortzi pertsona gehiago hil dira azken 24 orduetan.

Hala ere, ospitaleen saturazioa murrizten ari da: une honetan 219 pertsona -21‬‬ gutxiago- daude ingresatuta Arabako Unibertsitate Ospitalean, koronabirusak kutsatuta; horietatik, 158 daude solairuetan -19 gutxiago- eta 33 ZIUn -2 gutxiago-.

Horrez gain, Arabako Ospitale Psikiatrikoan 28 lagun artatzen ari dira; atzo baino hiru gehiago.

Beraz, guztira 219 pertsona daude koronabirusaren ondorioz ingresatuta Arabako ospitaletan; atzo baino 18 gutxiago. Bitartean, 34 alta gehiago egon dira azken orduetan, eta beste hiru pertsona atera da ZIUtik, Osakidetzak eguneratutako azken datuen arabera.

[GRAFIKOA INTERAKTIBOAK] Arabako datu guztiak eguneratuta

 

88 hildako adinekoen egoitzetan

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Arabako adinekoentzako lau egoitzatik hiruk ez dute koronabirusen kasurik baieztatu.

Hala ere, dagoeneko 88 dira gure herrialdeko egoitzetan hildako lagunak, osasun krisia hasi zenetik. Horietako 49 ospitale zentroetan gertatu dira, eta beste 39 egoitzetan bertan.

Guztira 369 kasu positibo atzeman dituzte Arabako egoiliarren artean: 220 zentro pribatuetan, 133 foru egoitzetan, eta gainerako 6ak udal zentroetan.

El Corte Ingles zabalik Aste Santuan

Atzo bertan ezagutu genuen azokak ixteko Eusko Jaurlaritzaren erabakia. Elikagaiak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko merkatu eta azoka tradizionalak aldi baterako eteteari buruz Osasun Sailak emandako aginduaren ondoren, bertan behera geratu da Santa Barbarako azoka, besteak beste.

Bitartean, Aste Santuan El Corte Ingles zabalik egongo dela salatu dute sindikatuek. Izan ere, merkatal gune honek supermerkatua eta parafarmazia martxan izango ditu ostegun, ostiral, larunbat eta igandean. Gasteizko gainerako supermerkatuak itxita egongo dira egun hauetan, larunbatean izan ezik.

ELA sindikatuak kritikatu du katea kontsumoa eta desplazamendua "arduragabekeriaz" sustatzen ari dela, ia edozein lan jarduera eten den egunetan. Gainera, langileen atseden eskubidearekiko errespetua exijitu dute; honen aurrean, ekintza juridikoak eta sindikalak hartzea aztertuko dute.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago