Alea.eus webguneak inoiz baino bisita gehiago izan du martxoan zehar

Erredakzioa 2020ko api. 8a, 06:00

Erabiltzaile kopurua eta ikusitako edukien zenbatekoak igoera izugarria izan dute martxoan zehar; 32.000 erabiltzaile baino gehiago izan dira webgunean, eta ikusitako edukiak 58.000tik gora.

Kezka eta informazio falta eragin ditu bizi dugu osasun krisiak gizartean. Arrazoi horregatik, etxean sartuta egon arren, uneoro telefonoa esku artean darabilgu herritar gehienok. Ez dugu kalera irtetzeko paradarik, baina  kalean gertatzen dena ezagutzeko irrika badugu, eta behar horri erantzuna emateko asmoz lanean dihardugu hedabideok.

ALEAn ere igarri dugu jakinmin hori, eta alea.eus webgunean 5 urteko ibilbidean inoiz izan ez dugun trafikoa jaso dugu azken asteotan. Gure lurraldeko euskaldunen esku informazio zehatz eta eguneratua jartzeko lanetan gabiltza, eta gure irakurleek lan hori estimatzen duzuela erakutsi diguzue egunez egun.

Emaitza horiek zuekin partekatu nahi ditugu; batetik, eskerrak emateko asmoz eta, bestetik, Arabako euskaldunon komunitatea osatzen dugunok askotan uste baino gehiago ere bagarela irudikatzeko.

2019ko datuekin alderatuta, %220 hazi dira alea.eus webguneko bisitak

Datuetara joanda, martxoan zehar 32.775 bisitari izan zarete alea.eus webgunean sartu zaretenak; 2019. urteko datuekin alderatuta, %221 gehiago (10.187). Ikusitako eduki kopuruari dagokionez berriz, guztira 58.504 albiste, bideo, argazki-galeria, etabar izan dira ikusitakoak (18.207 izan ziren 2019an).

Eduki ikusienak

Irakurritako eduki guzti horien artean nabarmenduenak krisialdi honen lehen egunetan jasotakoak izan dira: eskolen itxiera, larrialdi egoeraren ezarpena edo isolamendu neurriak indarrean jarri zirenekoak, besteak beste.

Lehen egunetako zurrunbiloa igarota, koronabirusarekin lotutako edukiek pisu handia izaten jarraitu dute, jakina, eta albisterik irakurrienen artean izan dira egunero Arabako datuen bilakaerarekin lotutakoak, osasun arloko profesionalekin egindako elkarrizketak, zaintza sare herritarren berri ematen dutenak edo enpresetan izandako lanuzteei buruzkoak.

Egunek aurrera joan ahala, ordea, etxean igaro beharreko denbora aprobetxatzeko irrika ere ikusten joan gara, eta horrela islatu dute eduki ikusienen datuek ere: eskulanak, umeentzako jolasak, irakurleek bidalitako bideo eta irudiak, iritzi artikuluak... eta horiek guztiak biltzeko sortutako atal bereziak.

Bisita guzti horien jatorriari dagokionez, sare sozialetatik etorritakoek, azken urteotako joerari jarraituz, igotzen jarraitzen dute (Facebook-etik %25 eta Twitterretik %8,5), baina gero eta altuagoa da gure webgunera zuzenean etorri ohi diren bisiten kopurua (%49,9). Datu horrek erakusten digu, pixkanaka, irakurleen artean erreferentzialtasuna lortzen ari dela Alea eta jendeak zuzenean jotzen duela alea.eus webgunera.

Telelana eta aldizkaria paperean

Egun hauek ez dira gure eguneroko lana baldintzarik onenetan gauzatzeko moduak izan, eta, tamalez, gure jardunaren oinarri nagusia den aldizkaria banatzeko zailtasunak izan ditugu. Lantaldeak ekoizpen lanarekin jarraitu arren, banaketa lanekin lotutako arazoek gure kontrolpetik ihes egiten digute. Aste Santuaren ondoren, normaltasunera bueltatu ahal izatea espero dugu.

Bien bitartean, aldizkariaren formatu digitala gure webgunean izango da erabiltzaile guztion eskura, eta erabiltzaile guztiontzat dohan erabilgarri. Izan ere, inoiz baino beharrezkoago deritzogu informazioa herritar ororen esku jartzea.

ALEAko lantadetik eskerrak eman nahi dizkizuegu egunero gurekin zaudeten irakurle guztioi, eta bereziki ALEAkide izatea erabaki duzuen harpidedun guztioi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago