Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak irakasleen ordezkapenak eten dituela salatu dute

Erredakzioa 2020ko mar. 25a, 16:07

"Lanpostuen eguneroko ordezkapenen kudeaketa aldi baterako ezeztatu da". / Ordezkagunea

Koronabirusaren krisia dela eta, eskolak bertan behera geratu dira ikastetxe guztietan. Irakasleek telelanarekin jarraitzen dute, baina Hezkuntza Sailak ordezkapenak blokeatu dituela salatu du ELA sindikatuak.

EAEko ikastetxe guztietan aurrez aurreko eskolak bertan behera geratu badira ere, irakasleak telelanaren bitartez ari dira egunerokoan, hezkuntza jarduerarekin jarraitzeko ahaleginean.

Hala ere, Ordezkagunea blokeatuta dago, eta Hezkuntza Sailak lehen egunetik ordezkapenak bermatzeko betebeharrari uko egin diola salatu du ELA sindikatuak, bajak edo baimenak eskatzen dituzten irakasleen kasuan.

Sindikatuaren arabera, Eusko Jaurlaritza krisi egoera baliatzen ari da hezkuntzako baliabideak murrizteko: "Ezohiko egoera bat erabili du Jaurlaritzak, bere menpeko langile zaurgarrienak gehiago kaltetu eta hezkuntzaren kalitatean hutsune handiagoa sortarazteko".

Telelanaren balioa aldarrikatu du ELAk, eta horregatik, langileen ordezkapenak "lehen egunetik" bermatzea exijitu du. Hezkuntza kalitatea eta langileen baldintzak mantentzeko "beharrezko neurriak" hartzea eskatu diote Hezkuntza Sailari.

Ordezkagunea webgunea berriro martxan jarri ezean, beste mekanismoak martxan jar ditzala proposatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago