EAEko ikastetxe guztiek Eusko Jaurlaritzaren araubidea jaso dute, koronabirusaren eraginez hurrengo egunetan etxetik lan egin ote dezaketen zehazteko. Hezkuntza sailak zuzendaritza bakoitzaren esku utzi du erabakia, eta antolatzeko "modu malgu eta desberdinak" izan daitezkeela azaldu du.
Ikastetxera joan behar izan gabe, telelanaren bitartez egin ahal izango dute beraien irakaskuntza lana hainbatek. Horretarako prest izan beharko dira ikastetxeak, ordea, araubideak zehaztu duenez: "Behar adina bitarteko digital badituzte eta zuzendaritzak egokitzat jotzen badu". Ikastetxeko zuzendaritzek irakaskuntza saioak antolatu eta koordinatuko dituzte, "eta, behar izanez gero, langileak ikastetetxean unean-unean egotea eska dezakete".
Aldiz, zuzendaritzak uste badu "kalitatezko irakaskuntza jarduera baterako berme nahikorik" ez dagoela, jarduera telematikoa ikastetxetik egingo da. "Kasu horretan, irakasleak ikastetxera joango dira bertako zuzendaritzak beharren arabera ezartzen duenaren arabera".
Jarraibide hori euskal hezkuntza sistemako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko guztiei zuzenduta dago.