Kutsatutakoen zenbatekoak, beste lurralde askotan bezala, Araban ere gora egiten jarraitzen du etengabe. Azken orduetan 111 positibo berri antzeman dira, eta horrenbestez, 912 kasu dira guztira. Horietatik 326 ospitalean daude, eta 60 lagunek galdu dute bizia osasun krisia hasi zenetik.
Egunez egun, igotzen ari diren zifrak ikusita, Espainiako Gobernuak larrialdi egoera beste 15 egunez luzatzea erabaki duela iragarri du gaur goizean, "oso une kritikoa" bizi dela gogorazi du Presidenteak, eta "okerrena iristeke" dagoela ere nabarmendu du prentsa agerraldian.
Bestalde, atzo Osakidetzako arduradunek iragarritakoaren arabera, bisita-sistema birtuala jarri da martxan, ospitalean dauden pazienteen eta euren senideen artean tablet edota telefono bidezko komunikazioa ahalbidetzeko. Modu horretan gaixoen inkomunikazio egoera jasangarriago egin nahi izan dute arduradunek. Aukera berri hau atzo bertan abiatu zen Txagorritxun, eta sare osora hedatuko dute egunotan.