Gobernuak alarma egoera 15 egunez luzatzea erabaki du, Pedro Sanchez presidenteak jakinarazi duenez. Erabakia indarrean jartzeko, halere, Gobernuak baimena eskatu beharko dio Diputatuen Kongresuari.
Neurri horrekin, Aste Santua bitartean konfinamenduak indarrean jarraituko du. Erabakia hartzeko arrazoien artean, "oso une kritikoa" bizi dela gogorazi du Presidenteak, eta "okerrena iristeke" dagoela. Gaur arte, estatu mailan 26.000 kutsatu baino gehiago zenbatu dira, eta dagoeneko 1.462 hildako izan dira. Mundu mailan aldiz, 300.000 pertsonari baino gehiagori eragiten die pandemiak; horietatik 13.000 baino gehiago hil dira, eta 90.000 baino gehiago berreskuratu dira.
Hartutako erabakiaren eraginez, indarrean dauden ez-ohiko neurriak mantendu egingo dira oraingoz. Ezinbestekoak ez diren joan-etorri guztiak debekatuta jarraitzen dute eta soilik lanera, erosketak egitera, pertsona ahulak zaintzera, medikuarengana, bankura edo gasolina botatzera joateko aukera egongo da.
Txikizkako merkataritza jarduerak ere etenda jarraitzen dute, honako hauek izan ezik: elikagai eta edariak, premia biziko produktuak, osasun zentroak, optikak, prentsa, erregaiak, estankoak, tindategiak, ekipamendu teknologikoak, telekomunikazioak, animalientzako elikagaiak eta internet bidezko merkataritza. Beste edozein jarduera bertan behera geratuko da.
Italian, jarduera ekonomikoa etenda
Egunez egun hildako kopuruen zifrek errekorrak hausten dituzte Italian. Atzokoan 793 hildako gehiago izan ziren eta dagoeneko 4.800 heriotza baino gehiago izan dira lurraldean. Arrazoi horregatik gobernuak neurri gogorragoak ezartzea erabaki du, eta bihartik aurrera, herrialdearen funtzionamendurako funtsezkoak ez diren ekoizpen jarduera guztiak itxita egongo dira, oraingoz apirilaren 3ra arte.