jone Elorza, Ruth Linaza

"Oso kirol taktikoa da sokatira, sosegua eta teknika behar dira"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko mar. 22a, 06:00
Ruth Linaza eta Jone Elorza, Badaiotz sokatira taldeko kirolariak. E.U.

Munduko txapeldun izan da Badaiotz; lan eta sakrifizio garrantzitsuaren emaitza dira goi mailako kirolariek lortu dituzten urreak. Halere, kirola zabaltzeko ahalegina falta dela uste dute Jone Elorzak eta Ruth Linazak.

Zortzi aldiz lortu dute munduko txapela Arabako Badaiotz sokatira taldeko emakumezkoek; azkenekoan, otsailean, Irlandan ospatu den goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketan. Urrezko bi domina lortu ditu bertan taldeak, 540 eta 500 kiloko mailetan. Urreek, halere, ez dute atseden hartzeko aukerarik eman, eta sokatirako denboraldia bukatu orduko hasi dira plazaz plazako herri kirolen ikuskizunak prestatzen, horiei esker finantzatzen baita taldea. Jone Elorzak eta Ruth Linazak aitortu dute munduko taldeen kontra egiteaz gainera, estereotipoen kontra ere tiratzen dutela; eta baliabide urriei txinpartak ateratzen dizkiete: "Emakume gutxi gabiltza, baina lana ondo egiten saiatzen gara eta kirol maila altua ematen dugu".

Zer itxaropenekin joan zineten Irlandara? 

Jone Elorza: Nik ez nuen espero bi urreak eramatea. Euskadiko txapelketan irabazi arren, ez ginen ondo sentitzen, zeozer ez zihoan ondo taldean, eta munduko txapelketan domina lortzeko moduan ikusten ginen baina ez urrea irabazteko.

Ruth Linaza: Oso denboraldi arraroa izan da, ez ginen egokitzen, urduri ere bageunden, entrenamendu batzuk oso onak egiten genituen eta beste batzuk oso txarrak… Beteranoak gara gehienak, baina zalantza asko genituen eta urduritasunak ez zigun gauzak dakizkigun bezala egiten uzten.

"Taiwani irabaztea futbolean  hirugarren B mailako talde batek Bartzelonari irabaztea bezala da".

Euskal Herriko txapelketarekin alderatuta, zer maila egon da Irlandan?

R. L.: Euskal Herrikoan lehiatu garen sei taldeak Irlandan egon gara eta bagenekien hemen zer maila zegoen. Han, zalantza beste taldeak ziren, holandarrak, taiwandarrak… Huts handia izan da koronabirusaren ondorioz txinatarrek ez parte hartzea, azken finean potentzia handia direlako, Taiwanekin batera. Hala ere, bagenekien maila handia zegoela, hasteko eta behin hemengo taldeekin lehia handia izan dugulako, Txantrearekin eta Beti Gazterekin batez ere.

J. E.: Joan baino lehen gure artean hitz egin genuen, bagenekien ez geundela ondo, eta entrenatzailearekin hitz egin ostean erabaki genuen aldaketa batzuk egitea taldekideen posizioetan; eta berehala hasi ginen gusturago tiratzen. Irlandan, Euskal Herriko txapelketan baino hobeto egin dugu, alde handiarekin.

R. L.: Gainera, pisu handian itxaropen gutxi genituen, pisu askoz baxuagoarekin joaten ginelako, baina taldekide berri bat sartu zen, eta lasaiago tiratu genuen. Zorionez, urrea lortu genuen espero ez genuen maila horretan, eta lehenengo eguneko konfiantza horrek asko lagundu zigun bigarren egunerako.

Taiwango taldeari irabazteak zer suposatu du?

R. L.: Ezin da parekatu, baina futbolarekin alderatuta bigarren B mailako edo hirugarren B mailako talde batek Bartzelonari irabaztea bezala da. Egia da jardunaldi batean jokatzen dela, eta jardunaldi horretan gauzak ondo eginez gero irabazi dezakezula, baina oso-oso ondo egin behar duzu. Gure baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak murritzagoak dira, eta haiek dena dute beren alde.

Zer dute?

R. L.: Horretarako bizi dira. Ikasleak dira eta entrenatzen eta ikasten ematen dute bizitzaren ehuneko ehuna. Maila teknikoan, makinak dituzte  tiradak simulatzeko; badituzte, adibidez, zapatila bereziak, Asics zapatila-pare batek 120 eurotik gora balio du eta erabilera bakarra dute. Guk, aldiz, zapatila sinple batzuk erabiltzen ditugu, zolan kautxua dutenak; emaitza onak ematen dituzte berriak direnean, baina ezin dira alderatu haien zapatilekin. Entrenatzaile bereziak, prestakuntza fisikoak ere badituzte… Beste mundu bat da haiena.

Zergatik du horrenbesteko ospea sokatirak Txinan?

R. L.: Uste dut finean kirol sinplea delako, eta gainera, gobernuak sekulako babesa ematen die, eskola mailan sekulako indarra egiten dute… Denera, 600.000 fitxa omen daude bertan, eta Euskal Herrian mila fitxara ere ez gara iristen.

Itzela, beraz, Taiwani irabaztea?

R. L.: Bertan, egun horretan, holandarrek eta alemanek zoriondu gintuzten; hegoafrikarrek ere idatzi digute munduko txapelketako tiradarik onena izan zela esanez. 

Nola gogoratzen duzue tirada hori?

R. L.: Gu eustera joan ginen txapelketara, hori zen gure helburua, eustea, eta momentu batean igarri genuen bazetorrela, eta pixkanaka altuera hartzen joan ginen eta atzera etortzen hasi ziren. Nik uste dut inork ez diola horrela irabazi Taiwani.

Mendebaldeko talde bakarra zarete Taiwango taldeari gailendu zaiona azken hamar urteetan. Zein da trukoa?

R. L.: Haiek indar izugarria dute eta erasora joaten dira; guk, berriz, defentsa eta erresistentzia. Euskal Herriko talde gehienak horrelakoak gara. 

Zer entrenamendu mota egiten duzue?

R. L.: Abetxukuko frontoi zaharra egokituta dugu guretzat eta hor entrenatzen dugu astean hiru aldiz. Alde teknikoa lantzen dugu bertan; tiradak simulatze aldera "polea" egiten dugu, pisua gora eta behera mugitu polea sistema batekin. Beste talde baten kontra aritzea bezala da baina ez da gauza bera, poleak beti egiten duelako presio berdina; gure artean "kontrak" ere egiten ditugu. Daukagun baliabide eskas horiekin benetako sokatira eta benetako tiradak irudikatzen ditugu.

Teknika eta forma fisikoa behar dira, baina taldean ere elkar-ulertze handia, ezta?

R. L.: Sarritan esaten dugu begirada batekin badakigula zer nahi dugun, ez dugu ikusten atzekoa baina sentsazioak izaten ditugu. Nik Joneren atzetik tiratzen dut, eta pixka bat jaitsi edo igotzen denean badakit zer egin behar dudan.

"Familiaren babesik gabe ezin liteke egin. Haiek dira honen errudun eta erantzule nagusiak".

Zenbat sakrifikatu behar da sokatirako goi mailako kategorian egoteko?

J. E.: Dena. Ni Oñatin bizi naiz eta Ruth Lemoan, eta astean hiru aldiz Gasteizen entrenatzen dugu; bi alaba ditut, gurasoak gaixorik, lana… Familiaren laguntzarik gabe ezin da, gurasoak zaindu behar baldin baditut gizonak edo alabak lagundu behar didate, bestela ezin da.

R. L.: Gorputza eta osasuna…, azken finean, goi mailan ibiltzen den edozein kirolarik gorputza astintzen du; eta, beste alde batetik, familiaren babesik gabe ezin liteke egin. Haiek dira honen errudun eta erantzule nagusiak.

Ahalegin ekonomikoa ere ezinbestekoa da. Nola finantzatzen da Badaiotz?

R. L.: Badaude Arabako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituzten diru-laguntzak, goi mailako kirolari guztiei eskaintzen dizkiotenak. Baldintza gero eta gogorragoak dituzte eta gero eta zailagoa da diru-laguntza horiek jasotzea, baina guk jasotzen ditugu. Horrekin gastu kopuru batera heltzen gara, baina ez da nahikoa izaten. Beraz, herri, auzo eta hiriburu desberdinetan antolatzen diren ekitaldietatik eta jaietatik deitzen digute erakustaldiak egiteko eta emakumeak herri kiroletan nola ibiltzen garen azaltzeko. Horietatik ere etortzen da dirua.

Desplazamenduak eta bidaiak nola ordaintzen dituzue?

R. L.: Horiek bakoitzak bere poltsikotik ordaindu behar izaten ditu. Eta aurten pozik gaude bidaiarentzat ez dugulako ezer jarri behar izan; normalean bidaiaren zati bat gure poltsikotik jarri behar izaten dugu.

Goi mailako kirolariak zarete, eta bigarren mailakoak zaretela dirudi; emakumezkoak izateagatik hori?

R. L.:  Sokatiran orokorrean denak gabiltza berdin. Horretan ez dago ezberdintasun handirik gizonen eta emakumeen artean. Ezberdintasunak agian txapelketetan ikusten dira, beti gure lekua aldarrikatu behar izaten dugulako, gure goma guretzat izatea eskatu behar izaten dugulako edo batzarretara joan eta gure espazioa eskatu behar izaten dugulako, hemen gaudela erakutsi behar hori. Emakume gutxi gabiltza baina lana ondo egiten saiatzen ari gara eta kirol maila altu bat ematen dugu; ez dugu zergatik bigarren plano batean egon behar.

Ezaguna da sokatira baina aldi berean oso ezezaguna.

R. L.: Sokatira eta herri kirolak orokorrean. Niri, adibidez, sokatiran egin nahi nuen galdetzen zidatenean ea hori kirol moduan egiten ote zen galdetzen nuen. Sokatira zenik ere ez nekien, eta baietz esan nuen; entrenatzen hasi eta hilabetera munduko txapelketara joan nintzen eta han ikusi nituen Amerikako Estatu Batuetako jendea, Hegoafrikakoak, Australiakoak, Txinakoak… Orduan nire buruari galdetu nion: "Baina zer mundutan bizi naiz ni?".

J. E.: Sarritan galdetzen digute entrenatu behar izaten dugun.

"Handiak eta indartsuak izan behar garela dirudi baina gure gizarteko neskak ez dira horrelakoak"

Kirolarekin baino folklorearekin lotzen dira maiz sokatira eta herri kirolak.

R. L.: Batzuetan emakumeak plazan ikusi ditudanean nik neuk behintzat sentitu izan dut gehiago entrenatuta agertu behar garela, eta folklore puntua guk ematen diogula emakume bezala. Labur esanda, zerbait erakutsi nahi baduzu, maila txukun bateko zerbait eskaini behar duzu, eta zorionez, gero eta maila altuagoa dago. Saiatzen gara ere estereotipoak apurtzen.

Estereotipo asko daude herri kirolean?

R. L.:  Handiak eta indartsuak izan behar garela dirudi. Ni neu handia naiz, baina orokorrean gure gizarteko neskak ez dira oso handiak, altuak eta indartsuak. Finean kirolariak gara, forma fisiko onean egon behar gara, hori da inportanteena, eta horretarako entrenatu behar dugu. Gure taldean eredugarriak izan gara, adin ezberdinetako jendea egon gara beti, gazteak eta nagusiak, handiak, txikiak, beteranoak eta berriak, eta denon artean antolatzen dugu. Denok dugu gure lekua, bakoitzak bere zatia ematen du, eta oreka denen artean egiten dugu. Osagarriak gara.

Zer behar du sokatira talde on batek?

J. E.: Burua oso inportantea da. Oso kirol teknikoa da. Fisikoki oso ondo dagoen jendea etortzen zaigu, eta ez du iraun, sosegua eta teknika ere behar direlako. Egoten jakin behar da, sokari entzun behar zaio.

R. L.: Oso kirol taktikoa da. Polita da tiratzen duzunean igartzea tentsio falta hori, eta pausua ematea… Sentsazioak topatu behar dituzu. 

Nola animatuko zenukete neskato edo mutiko bat herri kiroletara?

R. L.: Dei bat egingo nuke herri kirolak eskola-kirolean sartzeko, bestela ez dutelako aukerarik gazteek. Eskolarteko txapelketak ere antolatu behar dira. Egun, gazte bat entrenatzen hasten dena eta lehiatzen hasten dena seniorrekin lehiatzen da; hamabost urterekin hasten dira elitekoekin tiratzen, munduko talde onenak dituzte aurrean.

J. E.: Ez da samurra, ez da saskibaloia oso zabalduta dagoela eta edozein tokitan entrenatu daitekeela; herri kiroletan inguruan ez baduzu aukerarik, ez da erraza. Bizkaian eta Nafarroan eskola-kirolean sartuta dago, Araban ez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide