Mediku-zerbitzua indartzea; gaixotasun larriak dituzten eta 70 urte baino gehiago dituzten presoak berehala askatzea; eta senideen eta presoen arteko komunikazioak berreskuratzea eta areagotzea eskatu dute Espainiako estatuko dozenaka erakundek, tartean Salhaketa Arabak. Espainiako Barne Ministerioari eta Espetxe Administrazioari idazki bat igorri diote asteon.
Horretan, koronabirusaren krisiaren harira, espetxeetan ezarri diren debekuengatik kezka agertu dute, eta askatasunik gabeko pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzeko exijitu dute. "Presazko neurriak hartu behar dira; batetik, kartzelen barruan koronabirusa zabaltzea saihesteko, eta, bestetik, askatasunik gabekoen oinarrizko eskubideak bermatzeko".
Zigor ziegetan
Espetxeen osasun egoera kritikoa dela nabarmendu dute agirian, eta koronabirusak kalte larriak izan ditzakeela "bereziki kaltebera" den populazioan. Hartara, "espetxe barruko osasun-langileen taldeak berehala indartzeko", eta koronabirusak kutsatutako pertsonak ziegan konfinatu ordez, osasun-instalazioetan isolatzeko eskatu dute. Egun, presoen senideek adierazi dutenez, kasu askotan, zigor ziegetan ari dira gaixorik dauden presoak sartzen.
Era berean, arrazoi humanitarioengatik, "gaixotasun larriak dituzten eta 70 urte baino gehiago dituzten presoak berehala askatzeko" eskatu dute, "arrisku bikoitza duen talde bat osatzen dutelako"; eta preso prebentiboen kasuan ere, espetxea ez den beste kontrol mota batzuk ezartzeko galdegin dute.
Komunikazioak debekatuta
Bestalde, Espainiako Gobernuak senideen eta presoen artean komunikazio guztiak –mintzalekuak zein aurrez aurreak– debekatzeko hartu duen erabakia arbuiatu dute oinarrizko eskubideen aldeko erakundeek. "Premiazkoa da espetxe guztietan presoen eta senideen arteko bideodeien sistema bat jartzea; ez du zentzurik gainerako herritarrek dituzten komunikazio teknologiak kartzeletan ere ez ezartzeak". Halaber, aparteko telefono deiak doan izateko exijitu dute, eta ahozko komunikazio arruntak mintzalekuetan areagotzea.