Koronabirusa

Zaballako preso bat kutsatu du koronabirusak

Erredakzioa 2020ko mar. 11a, 07:50

Espainiako estatuko espetxeetan kutsatutako lehenengo presoa da.

Zaballako espetxeko preso batek positibo eman du, kutsatutako ertzain batekin harreman zuzena izan ostean. Koronabirusak kutsatutako lehen presoa da Espainiako Estatuan.

Presoak harremana izan zuen Gasteizko Txagorritxu ospitalean zaintza lanetan ari zen ertzainarekin. Beste preso batekin isolamendu prebentiboan jarri zuten Arabako espetxeko erizaindegian.

Asteburu honetan hasi zen sukarra bezalako lehen sintomak agertzen, eta, beraz, berehala eraman zuten ospitalera, aurretiazko patologiak zituelako. Lehenengo proba batean negatibo eman zuen, baina bigarrenean positibo eman zuen; isolatuta dago orain.

Ertzainak positibo eman ondoren, harekin harremana izan duten pertsonen jarraipena egin dute osasun-agintariek; eta Zaballako espetxeko bi preso behaketan egon dira espetxeko erizaintzan.

Gaur egun, 720 ziega ditu Zaballak, eta 1.000 preso baino gehiagorentzako tokia du. Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak Madril, Araba eta Errioxako espetxeetarako sarbideak murrizteko jarraibideak bidali ditu asteartean, koronabirusa geldiarazteko prebentzio neurri gisa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago