Koronabirusa

Herritarren konfinamendua eta joan-etorrien debekua ezarri ditu Espainiako Gobernuak

Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 21:17

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea. / LA MONCLOA

Igandetik aurrera, Espainiako Gobernuak konfinamendua ezarriko du, eta debekatu egingo ditu "ezinbestekoak" ez diren joan-etorri guztiak. Erabakia estatu osoan nagusituko da, eta larunbat goizean Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurrien gainetik egongo da.

Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak, eta hamabost egunez indarrean egongo da. Pedro Sanchez presidenteak prentsaurrekoa eman du larunbat gauean, Ministroen Kontseiluak "pandemia eteteko" onartu dituen salbuespenezko neurrien berri emateko. Zazpi orduz luzatu da Kontseiluaren bilera.

Ezohiko dekretuak jasoko dituen neurrien artean, debekatu egingo ditu "ezinbestekoak" ez diren joan-etorri guztiak, eta herritarren konfinamendua ezarriko du. Igandetik aurrera soilik lanera, erosketak egitera, pertsona ahulak zaintzera, medikuarengana, bankura edo gasolina botatzera joateko aukera egongo da.

Txikizkako merkataritza jarduera oro etengo da, honako hauek izan ezik: elikagaiak, edariak, premia biziko produktuak, osasun zentroak, optikak, prentsa, erregaiak, estankoak, ile apaindegiak, tindategiak, ekipamendu teknologikoak, telekomunikazioak, animalientzako elikagaiak eta internet bidezko merkataritza. Beste edozein jarduera bertan behera geratuko da.

Indar armatuak Grande-Marlaskaren Barne ministroaren agindupean egotera pasatuko dira, koronabirusaren hedatzea geldiarazteko helburuarekin. Eta segurtasun indarrak arduratuko dira alarma egoerak aurreikusten dituen neurriak betetzen direla bermatzeaz.

Halaber, osasun baliabide publiko eta pribatu guztiak Osasun Ministerioaren esku geratuko dira.

Eusko Jaurlaritzaren neurrien gainetik

Espainiako Gobernuak alarma egoeraren testuinguruan hartutako salbuespenezko neurriak estatu osoan nagusituko dira, eta larunbat goizean Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurrien gainetik egongo da.

Osasun alerta gaur hasi da ofizialki EAEn, eta Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du larunbat goizean, EAEko Babes Zibileko Planaren Aholkularitza Batzordearen bileraren ostean.

EAEko Babes Zibileko Planaren Aholkularitza Batzordearen bilera. / IREKIA

Erabaki zorrotzagoak espero baziren ere, koronabirusari aurre egiteko neurri berriak azaldu ditu lehendakariak, baina konfinamendua edota hauteskundeen atzerapena baztertu ditu, oraingoz:

  1. Adinekoentzako eguneko zentroak ixtea.
  2. Adinekoen egoitza-zentro publikoetan edo pribatuetan bisitak mugatzea. Eguneko eta egoiliar bakoitzeko pertsona bakar bat joan ahal izango da bisitan eta 37ºC-tik gorako temperatura dutenei sarrera mugatuko zaie.
  3. Edozein motatako jarduerak bertan behera uztea museoetan, erakusketa aretoetan, ostalaritzan -etxeko zerbitzua izan ezik-, kirol instalazioetan, joko-lokaletan, txokoetan, elkarte gastronomikoetan edo otoi egiteko zentroetan.

Era berean, metro eta erdiko gutxieneko segurtasun distantzia mantentzea zailtzen duen beste edozein jarduera eteteko edo lokalak ixteko agindua ere eman du.

Horrez gain, lehendakariak supermerkatuen eta elikagaien saltokien egoera ere izan du hizpide: elikagaiak eta premia biziko ondasunak "bermatuta" daudela ziurtatu du Urkulluk. Beharrezkoa izanez gero, supermerkatuetan eta farmazietan ordutegiak luzatuko direla iragarri du lehendakariak.

Prebentzio neurri horiek igandetik aurrera ezarriko dira ofizialki. Hala ere, neurriak gaurtik aurrera aplikatzea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak, eta Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak azaldu duenez, eurak betetzea derrigorrezkoa izango da.

Hamahiru hildako Araban

Larunbateko azken datu ofizialen arabera, Covid-19 birusak kutsatutako 360 pertsona daude Araban dagoeneko, ostiralean baino 50 gehiago; horietako 153 ospitalean daude. Hamahiru arabar hil dira orain arte koronabirusak kutsatuta, eta osasun krisialdi larria bizi du herrialdeak.

Arabak Europako kutsatze tasarik altuena du (1,11) momentu honetan, Madrilgo edo Lombardiako tasak baino handiagoa. Ostiralean, osasun larrialdi egoera ezarri du Eusko Jaurlaritzak, eta gaurtik aurrera, alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago