Koronabirusa

Arabako Errioxako ikastetxe guztiak itxi dituzte, kutsatzeak saihesteko

Erredakzioa 2020ko mar. 11a, 13:59

Bastida Ikastolak eskola jarduera eten zuen astelehenean. / ikastola.eus

Arabako Errioxako ikastetxe guztietako eskola jarduera martxoaren 12tik 23ra eteteko erabakia jakinarazi du Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, ikasleen familiei zuzendutako zirkular baten bitartez.

Oiongo, Lapuebla de Labarcako, Lantziegoko, Eltziegoko eta Samaniegoko ikastetxeek eskola jarduera etengo dute bihartik aurrera, orain arte Gasteizen, Bastidan eta Guardian hartutako prebentzio neurrien ildo berean. Guztira, 2.000 ikasle ingururi eragingo die erabakiak.

Oionen, Guardian eta Lapueblan ez da kutsatze kasu positiborik antzeman. Hala ere, Bastidan hiru pertsona daude kutsatuta; Gasteizen daude ospitaleratuta.

Transmisioa saihesteko

Koronabirusaren foku epidemiologikoak eraginda eta gaixotasunaren transmisioa eta kutsatze-kopurua kontrolatzeko hartu da neurria, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideen arabera.

"Helburua koronabirusa ikasleen artean hedatzeari eustea da, eskala handiagoan transmititu ahal izatea saihestuz", azaldu du Cristina Uriarte sailburuak zirkularrean.

Bestalde, ikasleek etxeko bizitza normala egin arren, taldeko jarduerak egiten diren esparru itxietan egotea saihestea gomendatu du Osasun Sailak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago