Gasteizko udal zabortegia albiste bihurtu da, Zaldibarko hondakindegiaren ezbeharra dela eta. Zeharka, oraingo honetan. Gardelegitik gertu dagoen azpiegiturak har ditzake enpresek Bizkaira eramaten zituzten hondakinetako batzuk. Gasteizko Udalak datu bat eman du, aukera horri neurria emateko: Arabako enpresek 23.000 tona zabor bidaltzen zituzten urtean Zaldibarrera, Gardelegira eramatea baino merkeagoa zelako. Ikusteke dago nora eramango dituzten hondakin horiek, baina egoerak Gasteizko zabortegiaren etorkizunari buruzko eztabaida hauspotu du.
Ez dago jakiterik Zaldibarren bota ezin dituzten hondakinetatik zenbat helduko diren Gasteizera. Gaur egungo araudiaren arabera, Gardelegiko zabortegiak Arabako gaiak baino ezin ditu hartu. Edonola ere, 23.000 tonako datuak balizko arazo bat ipini du mahaian: kopuru hori Gardelegik urtean jasotzen duenaren ia laurden bat da. Are, egunotan emandako informazioaren arabera, zabortegiaren edukiera guztiaren %3a dira 23.000 tonak. Zenbat laburtu daiteke zabortegiaren biziraupena, urtean ia 100.000 tonatik 123.000ra pasaz gero? Neurririk aurreikusten al dute administrazioek?
Arabako Foru Aldundiak 2030ra arteko biziraupena aurreikusi zion hondakindegiari 2018an. Orduan onartu zuen 2030ra arteko Hiri Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Plana, eta Gasteizko zabortegiak hondakinak hartzeko gaitasuna "oso handia" zuela ondorioztatu zuen. Edonola ere, soilik Arabako enpresek Zaldibarrera bidaltzen zuten zaborra hartuta, zazpi urtean bete daiteke, egunotan ezagutarazi dituzten datuen arabera.
Inbertsioa, araudia betetzeko
Administrazioak inbertsio handia egiten ari dira Gasteizko zabortegian azken hiru urteotan, azpiegiturak 2015eko Ingurumen Baimen Integratua bete dezan. Guztira 10 milioi euro aurreikusi zituzten: hondakinak hartzeko espazioak zigilatzeko, lixibiatuak tokian tratatzeko, biogasa hartzeko sistema egokitzeko… Lan horiek lan egiten jarraitzeko beharrezko lanak zituen, baina biziraupena luzatzeko lanak ere buruan dituzte Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak.
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak iragarri du proiektu pilotua dutela buruan: zabortegien meatzaritza, zabortegiaren eremu zaharrean. Teknika horren bitartez duela hamarkada batzuetako zaborra atera eta birzikla daitekeena berreskuratuko lukete, tokian bertan. Saiakera ondo ateraz gero, bi helburu erdiesten lagunduko die administrazioei: batetik, birzikla daitezkeen gaiak berreskuratuta espazio gehiago sortzea; bestetik, gaur egun eremu zaharrean gai toxikoekin dauden arazoak zuzentzea, lindanoarekin dagoena kasu.
Neurri horien aurrean hainbat elkartek eskatu dute lan horiek guztiak balia ditzatela Gasteizko zabortegiko amaiera bideratzen hasteko. "Zabortegiaren biziraupena edo hedadura handitzeak ez du zentzurik; Europak agintzen duenaren kontra doa", hausnartu du Andres Illana Ekologistak Martxaneko kideak. Administrazioek, ordea, "ardatz" izaera aitortzen diote hondakindegiari.
45 urteko historia
Azpiegitura urte gutxian bete zen. 1985. urterako Udalak hori handitzea onartu zuen. Horretarako errepidea bera mugitu zuen, zabortegia ekialderantz zabaltzeko. Hiri hondakinez gain, industriarenak ere jaso zituen. Ordea, horren gaineko kontrola ez zen findu 1990eko hamarkadaren bigarren erdira arte. Orduan, zaintza indartzearekin batera, laborategi bat jarri zuten hondakinak tokian bertan aztertu eta gai toxikoak antzemateko.
Milurteko berriarekin batera azpiegitura handitzeko beharra zegoela hausnartu zuen Udalak. Orduan bideratzen hasi ziren lanak, eta, horrekin lotuta, aldaketa esanguratsua heldu zen: eremua handitzeko Ingurumen Baimen Integratua lortu behar izan zuen. Baimen horren bitartez Jaurlaritzak baldintzak ezarri zizkion azpiegituraren jabeari, Gasteizeko Udalari. Udala jabea bada ere, FCC eta Yarritu enpresek kudeatzen dute zabortegia. Kontratua 2024an amaituko da.
Ingurumen Baimen Integratua aitortu zietenerako, ordea, hondakin tona asko pilatua zeuden Gasteiz hegoaldean. Ustez obra hondakinak eta arriskurik gabekoak ziren guztiak, zabortegia horretarako prestatuta baitzegoen. Ordea, zabortegiko eremu zaharrenean lindanoa antzeman zuten. Kutsatzaile hori Zadorran agertu zen, eta Ebroko Ur Konfederazioak ebatzi zuen Gardelegitik heldu zela. "Orduan antzeman bazuten izan zen ura aztertzeko irizpideak aldatu zituztelako", azaldu du Andres Illanak. "Hau da, 2013an detektatu izanak ez du esan nahi aurretik ez zegoenik".
Iazko irailetik martxan dago lindanoa Zadorrara ez heltzeko azpiegitura, 2015eko Ingurumen Baimen Integratua betetzeko lanei esker. Aurten, zein etorkizun gertuan, lan gehiago aurreikusita daude Gasteizko zabortegian. Bada, lan horiek azpiegituraren itxiera bideratzen hasteko izan daitezela eskatu dute hainbat elkartek, errealitate berriak sor dezakeen testuingurua baliatuta.