Aldarrikapen berdina forma anitzetan islatuko dute Arabako emakumeek igande honetan hiriko kale eta herrietako plazetan. Feminismoaren aldarria eta berdintasunaren aldeko oihuak nagusituko dira Gasteiztik Kanpezura, herrialde osoan.
Aurreko bi urteetan egindako greba orokor arrakastatsuen ondoren, aurtengo Emakume Langilearen Nazioarteko Egunak mugimendu feministaren borroka eta antolakuntza izango ditu ardatz nagusiak.
GASTEIZ
Gasteizen, eguerdian, kate feminista egingo dute Loma Jeneralaren plazatik, 12:30ean. Hasiera puntuak Loma Jeneralaren plaza bera eta Foru kaleko aldapa izango dira. Gasteizko mugimendu feministak luzatutako irizpideetan, puntu horietako batera bertaratzeko eta eskuak lotzeko deia egin dute:
Ondoren, herri bazkaria egingo dute Santa Barbara plazan, 15:00etan. Azkenik, ekitaldi nagusia arratsaldean izango da, San Anton plazatik 17:30ean irtengo den manifestazioa, hain zuzen.
Eguna handiaren aurretik, martxoaren 6an 20:30ean, Abesbatza Feminista Hedegile 33 kalean okupatutako Talka espazio feministan arituko da, eta gero Andra Mari Zuriaren plazara mugituko dira emanaldiari amaiera emateko. Ondoren, Jaialdi Feminista egongo da Gazteizko Gaztetxean.
Gainera, larunbatean 12:00etan, Fray Zacarias kaleko Faroloian hasiko da Alde Zaharreko kaleetan arituko den Kalejira Feminista, emakume txistulariekin.
AIARALDEA
Aiaraldeko Mugimendu Feministak, berriz, eskualdeko mobilizazioa egingo du, 19:30ean, Amurrioko Gaztetxetik. Halaber, eskualdeko herri guztietan, kalejirak eta bestelako ekimenak egingo dituzte goizean eta eguerdian, eta deialdi guztiak bildu ditu Aiaraldea Gaur atariak. Hona hemen Amurrioko, Aretako, Artziniegako eta Laudioko mugimendu feministek antolatutako egitarauak.
AÑANA
Halaber, Añanako Kuadrillan, Iruña Okan, Gaubean eta Zanbranan izango dira emakumeek antolatutako ekitaldiak.
Gaubean, adibidez, Berdintasunaren aldeko Martxa irtengo da 11:00etan Turismo Bulegotik Baronatarren dorretxeraino. Eta Zanbranako elkartean herri bazkaria antolatzea erabaki dute, 14:30ean.
Iruña Okan, ordea, egun osoko egitaraua antolatu dute: 12:00etan jolasak eta henna tatuajeak egiteko tailerra; 14:00etan Langraiz etorbidetik martxa egingo dute, Perkuneskak batukadaren laguntzarekin; ondoren, emakumeen bazkaria egingo dute frontoian, 15:00etan; eta 16:00etatik aurrera, DJak, karaokea eta jolasak izango dira bertan.
ARABAKO ERRIOXA
Arabako Errioxako ekitaldi nagusia, berriz, 12:30ean izango da, Lapuebla de Labarcan. Horrez gain, 10:30ean karabanen irteera egingo dute, 11:30ean herriko Parkeko biribilgunean harrera egiteko. Manifestazioaren amaieran, 13:30ean manifestua irakurriko dute El Plano plazan, udaletxearen aurrean.
Ondoren, bazkari autogestuionatua egingo dute bertan; janaria eta edaria eramateko deia egin dute, baina kafea eta postrea bermatuko du antolakuntzak. Bazkarirako izen ematea 8marabarerrioxa@gmail.com helbidearen bitartez egin behar da.
GORBEIALDEA
Aramaion, 12:00etan kontzentrazioa egingo dute plazan, eta 18:30ean manifestazioa Kultur Etxetik plazara. Baina egun osoko egitaraua antolatu dute Martxoaren 8an: goizeko mobilizazioaren ostean, dantza eta iturri poteoa; 14:30ean bazkaria eskolan; eta 16:00etan kafea, musika, bingoa eta tertulia.
Gainera, ekintza ugari antolatu dituzte egunotan: zine-ziklo feminista martxoaren 5ean, 7an eta 15ean, Kultur Etxeko areto nagusian. Martxoaren 7an emakumeen bazkaria egingo dute Añai Tabernan. Martxoaren 9tik 15era, hilekoaren erakusketa egongo da Sastiñan ikusgai. Eta martxoaren 13an, Feminismo Negro hitzaldia antolatu dute (gaztelaniaz), 18:30ean Kultur Etxean.
Horrez gain, egun osoko egitarau zabala antolatu dute Urkabustaizko emakumeek Izarran, Martxoaren 8rako. 12:00etan hasiko dira kalejira eta jolasekin. 13:30ean bazkaltzera joango dira, eta partekatzeko janaria eta edaria eramango dute; eguraldi ona egiten badu herriko plazan egingo dute, bestela Beheko-Iturrin. 15:30ean kotxeak dekoratuko dituzte pilotalekuko aparkalekuan, 16:00etan Gasteizera elkarrekin abiatzeko.
17:30ean Gasteizko manifestazioarekin bat egingo dute, eta ondoren, Urkabustaizera itzuliko dira; 19:30etik aurrera, Zuiako Gaztetxean, Gorbeialdeko emakumeen esperientziak elkarbanatuko dituzte, eta ondoren, kontzertuak eta afaria egingo dituzte, Gorbeialdeko emakumeak* oholtzara lelopean.
LAUTADA
Lautadan ere eskualdeko mobilizazioa egingo dute, Agurainen, 13:00etan. Baina kuadrillako hainbat herritan ere ekimen ugari antolatu dituzte martxoan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira; besteak beste, Burgun, Zalduondon eta Dulantzin.
MENDIALDEA
Mendialdeko emakumeak ere mobilizatuko dira, 12:00etan Kanpezuko plazan egingo duten elkarretaratzean. Bestalde, Maeztun bi mobilizazio deitu dira: 12:00etan Maeztuko Udaletxean, Udalak deituta, eta 13:00etan Maeztuko okindegiaren aurrean, mugimendu feministak deituta.
Arratsaldeko 17:30ean Gasteizko manifestazio nagusira joateko deia luzatu du bertako mugimendu feministak.
Deialdiren bat falta zaigu? Bidali zure herri edo auzoko egitaraua erredakzioa@alea.eus helbidera