Azken bi urtetan mobilizatzeko eta antolatzeko gaitasuna erakutsi dugu Greba Feministetan, gizarte mugimenduaren beste borroka batzuetarako erreferente izan direnak. Aurreko urteetako arrakasta estimulu handia izan zen eta, horregatik, Euskal Herrian V. Jardunaldi Feministen antolakuntzan murgildu ginen, bertan ere parte hartze maila oso altuak lortuz.
2018 eta 2019ko grebek milaka emakumeren inplikazioa bultzatu dute feminismo antolatuan, eta grebaren kontzeptua bera zabaltzeko eta birdefinitzeko balio izan digu, orokorrean emakumeok egiten dugun soldatarik gabeko lan ikusezinera hedatuz. Guztion artean gogoeta egiteko ere balio izan digute, baita indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko ere.
"2018 eta 2019ko grebek milaka emakumeren inplikazioa bultzatu dute"
Aurten berriro ere kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat.
Aurten Euskal Herrian ez dugunez grebara deitu, gure aldetik ezintasun bat edo su-eten bat dagoela ikusarazi nahi izan dute batzuek. Ez bata eta ez bestea.
Borroka feminista beharrezkoa da oraindik, gaur duela urtebete bezala, horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean greba orokorrera. Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat baizik, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu.
Gaur feminismoan emakumeen auto-antolaketaren beharra azpimarratzen jarraituko dugu. Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu.
"Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat"
Guk ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere, ez dugu munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi. Tokian-toki jarduten dugu planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin.
Haiekin eskubideen galera, hondamendi ekologikoa, gerra suntsitzaileak eta lurraldeen desjabetzeak salatu eta borrokatuko dituen feminismoa defendatzen dugu; herrien suntsiketa eta erabakitzeko eskubidearen ukazioa; pertsonak haien etxeak uztera behartzen dituzten derrigorrezko desplazamenduak, eta hesi arantzatuekin eta heriotza-politikekin jasotzen direnak; migrazio-politikek eta ultraeskuinak suspertutako arrazismoa eta xenofobia salatuko dituena.
Gure feminismoak hainbeste ahaleginekin lortutako eskubide sozial zein politikoetan emandako atzerapausoari egin behar dio aurre. Baina, gaur ozen eta garbi diogu, aurrean gaituzue!
Arrazoi horiengatik guztiengatik, martxoaren 8 honetan suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion, eta xenofobia gure sozializazioaren parte bihurtuz eskubideen zatiketa proposatzen duen arrazakeria instituzionala apurtzeko borrokatuko duen feminismoa aldarrikatuko dugu.
"Martxoaren 8an kapitalismo basatiari aurre egingo dion eta arrazakeria instituzionala apurtuko duen feminismoa aldarrikatuko dugu"
Gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu, norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatuz.
Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu.
Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!
Aurten ere borrokan gaituzte! Gora borroka feminista!