Mentxu Ramilo Araujo

"Wikipedian ez dagoena ez da; eta emakumeak ez gaude"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko mar. 8a, 06:00
Mentxu Ramilo Araujo gasteiztarra da WikiEmakumeok proiektuaren dinamizatzailea. E.U.

"Haserrealdi" baten ostean erabaki zuen Mentxu Ramilok Wikipedian editatzeko arauak menperatu behar zituela, munduan bisitatuena den eduki askeko entziklopedian jasotzen ez diren ehunka emakumeen izenei izana emateko; egun, WikiEmakumeok sareari esker, 675 emakumeren biografiak daude ikusgai.

Dantzariak, idazleak, musikariak, kimikariak, irakasleak edota kirolariak. Arlo desberdinetan adituak diren eta izan diren emakumeen izenekin zerrenda luzea sortu du WikiEmakumeok sareak azken bost urteetan. Wikipedian genero-ikuspegia txertatzeko eta emakumearen presentzia urria handitzeko helburua du sareak, eta horren atzean egon da hasiera-hasieratik Mentxu Ramilo Araujo (Gasteiz, 1978). Auzolan horren dinamizatzaileak aitortu du ez dela lan erraza emakumeen biografiak eta eduki feministak saretzea: "Hegemonikotik gero eta gehiago urruntzen garen heinean, orduan eta gehiago handitzen da lupa, eta zalantzan jartzen dira emakumeen edukiak".

Zer presentzia dute emakumezkoek Wikipedian? 

Wikipedian dauden emakumeen biografien datuak aldatu egiten dira wikipedien arabera. 305 wikipedia daude! Nik esan ohi dut hamar biografiatik bi baino gutxiago emakumeenak direla, eta hamar argitaratzailetik bi baino gutxiago emakumeak garela. Baina Women in Red, Wikidone, Wikimujeres, Viquidones, Cuarto Propio, Wikiesfera, WikiEmakumeok, Wikipedia España eta Euskal Wikipedista elkartea bezalako proiektuei esker, oso pixkanaka gutxituz doa arrakala. Emakumeen presentzia paritarioa dutenak asturiarra (% 52) eta galesa (% 51) dira. Asturiarrak itzultzaile automatikoak erabiltzen ditu, eta duten arrakala Asturiasko emakumeena da. Euskal Herrikoak emakumeen biografien % 17 ditu. Eta Espainiakoak %21. 

Zer ondorio ditu genero arrakalak?

Oso uste zabaldua da interneten, eta beraz Wikipedian –nazioartean gehien ikusten den bosgarren web-orrialdea– ez dagoena ez da existitzen; bada, hor emakume asko daude ikusezin, eta gizonen gehiegizko ordezkaritza dago.

mentxu ramilo araujo

Egoera horri aurre egiteko bultzatu zenituen Wikiemakumeok sarea eta proiektua, ezta? Nola hasi zinen lan horretan? 

Ekimena 2015ean sortu zen, haserrealdi baten ostean; Wikipediarako nire lehen testua sortu nuen, hainbat egun lan egin ondoren, eta oso denbora gutxian ezabatu zidaten. "Eraso" birtual horrek balio izan zidan jabetzeko Wikipediak, edozein espazio presentzial edo birtual bezala, bere funtzionamendu-arauak dituela, eta ezagutu behar dituzula edo ez duzu zereginik. Espazio meritokratiko bat da Wikipedia; beste batzuek testuak nola egiten dituzten ikusten duzu, eta hobetzen laguntzen duzu. Eta pixkanaka-pixkanaka editatzen hasten zara, eta aske sentitzen zara, zerotik eduki berriak sortzera animatzen zaren arte, beharrezkoak diren gakoak kontuan hartuta.

"Wikipedia editatzea ez da zeregin hutsala. Ahalegina eskatzen du".

Zenbat urte igaro dira Wikiemakumeok martxan jarri zenuenetik? Nola izan ziren lehen urrats horiek?

2015eko azaroan, I. Editatona antolatu genuen Gasteizen, hiriko erreferentziazko emakumeen biografiak sortzeko, Udaleko Berdintasun Zerbitzuaren eta Sareguneren laguntzarekin. Ordutik, hilero, wikitopaketak eta edizio tailerrak egin ditugu. Zenbait herritan talde egonkorrak daude, hala nola Gasteizen –Sorginenean–, Leioan –Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Marta Macho Stadlerren laguntzarekin–, Donostian –Berdintasunerako Masterraren eskutik, EHUko Ibaetako campusean–, Etxebarrin –Inurtxi Elkarteak bultzatuta eta Sonia Franciscok dinamizatua– eta berriki Durangon –Marisa Barrenaren bultzadarekin–.

Sare asko josi behar izan dituzue?

Wikipedia editatzea ez da zeregin hutsala. Ahalegina eskatzen du. Harrapatu edo berehala aspertzen zaitu. Badira ere editatzen erlaxatzen diren wikilariak, kar, kar. Beti da funtsezkoa sareak ehuntzea, jendea Wikipedia deskubritzera animatzea, normalean jendeak bertan informazioa bilatzen du, baina ez daki editatu daitekeenik eta horrekin lotutako beste proiektu asko daudela (irudiak, aipuak, Wikidataren datu-basea …).

Emakumeen wikiesanak ere bildu dituzue, ezta?

Proiektu honetan Make Irigoien da burua! Kontua da liburuetan, komunikabideetan eta beste argitalpen batzuetan biografiatutakoek hitzez hitz esan dituzten esaldiak web-orri batean jasotzea, aipamena zein iturritik atera den gehituz. Esan horiek helburu pedagogikoekin erabili daitezke, sare sozialetan partekatzeko, argitalpen baten kapitulu bat irekitzeko edo ixteko, edo testu batean aipatzeko, besteak beste. Gainera, espazio honetan lan giroa lasaiagoa dago, wikiesanen orrialdeak ez ohi dituztelako zalantzan jartzen.

Edozeinek igo ditzake edukiak Wikipediara edo ezagutza bereziak behar dira?

Wikipedia bakoitzak bere arauak ditu. Badira zorrotzagoak, hala nola katalana, ingelesa edo espainola; eta malguagoak, Euskal Herrikoa bezala. Emakume baten biografia bat espainieraz editatzeko, sei erreferentzia fidagarri edo gehiago izan behar ditugu –ez du blog edo webgune propiorik balio–, artikulua modu neutroenean eta adjektibo kalifikatzailerik gabe idatzi behar da, ezin da jatorrizko iturriko informazioa hitzez hitz kopiatu, sintesi bat egin… eta behatzak gurutzatu, pertsona hori sustatzen ari garela uste duen norbaitek azter ez dezan. 

Kontrol zorrotza dago, beraz?

Editatzen hasi nintzenean ez nuen ulertzen zergatik zen hain konplikatua bizirik dauden pertsonen biografiak egitea. Orain ulertzen dut: badira informazio gordailu kolaboratibo hau gaizki erabiltzen dutenak, pentsatzen dutenak bere orria hor edukitzeak ospe handiagoa ematen diola. Badira bere biografia propioa ere egiten dutenak. Horregatik, pertsona baten ibilbidea amaitzen denean errazagoa da biografia itxi bat sortzea. Bestela, pertsona batek sari bat edo lehiaketa bat irabazten duen bakoitzean, bere orria eguneratu behar da. Euskarazko Wikipedian askoz malguagoak dira kontu horrekin. 

"Ez da erraza emakumeen biografiak edo eduki feministak sartzea".

Ingurune misoginoa da Wikipedia?

Bizi garen gizarte heteropatriarkalaren isla da Wikipedia. WikiEmakumeok pedagogia pixka bat txertatu nahi du hasiberrientzat nahiko aurkakoa eta matxista den ingurune batean –eta hori kontuan izanik Wikipediaren arau bat dela hasiberriei kosk ez egitea–. Edozein pertsonak editatu ahal duela esaten da, baina segun gaia zer den: ez da gauza bera datuak gehitzea edo informazio berria sartzea. Halaber, ez da erraza emakumeen biografiak edo eduki feministak sartzea; izan ere, hegemonikotik zenbat eta gehiago urrundu –zuria, burgesa, gizonezkoa, heldua, heterosexuala–, orduan eta gehiago handitzen dira lupak, eta zalantzan jartzen dituzte emakumeei buruzko edukiak.

"Euskaraz emakumeei buruzko artikuluek kalitate handiagoa dute gizonenak baino".

Feminismoaren ekarpenak ikusarazteko balio du Wikiemakumeok egitasmoak?

Jakina! Asko dago egiteko arlo honetan ere! Eta baita dauden edukiei genero ikuspegia txertatzea ere. Durangoko Jardunaldi Feministetan emakume emagin batek esan zidan bere diziplinaren edukiek joera androzentriko handia zutela. Eta Wikipedian gizonari eta emakumeari buruz gaztelaniaz idatzitako artikuluak alderatzea ariketa ona da egiaztatzeko oraindik egiteko asko dagoela… Euskaraz, halere, emakumeei buruzko artikuluek kalitate handiagoa dute gizonenak baino!

Zer egiten duzue wikiemakumeek? 

Editatzea, ezagutzak partekatzea, emakume ikusezinak deskubritzea, emakume editoreak ezagutzea, askotariko gaitasun digitalak praktikan jartzea –informazioa bilatzea, iturri fidagarriak bereiztea, idazten duguna aipatzea, informazioa sintetizatzea, testuak itzultzea, zuzentzea–. Kolektibo informala eta sakabanatua gara, eta hilero biltzen gara hainbat herritan. Badira ere wikikedadaren egunean bakarrik editatzen duten lagunak, eta badira ere Inma, Gasteizko wikilaria bezalakoak, editatzeko konpromiso handia dutenak: gutxienez bi biografia hilean. Bera eta Marisa Barrena bi fitxaketa zoragarri dira!

"Egoteak, aipatuak izateak eta ikusgaitasunak duten garrantziaz kontzientziatu behar gara"

 

Zenbat lagunek parte hartzen dute? 

Wikipedia editatzen ikasteko hiruzpalau saio egiteko prest dauden gutxienez lau lagunen taldeak sortzen diren lekuetan tailerrak egiteko prest gaude; gero, hilero,wikikedadak egiteko eta bere kabuz editatzen jarraitzeko eta emakume gehiago sartzeko konpromisoa hartuz gero. Egun, wikitalde guztien artean, 30 lagun inguru izango dira editatzen; eta behin bakarrik parte hartu duten lagunak berrehun inguru izango dira.

Zenbat emakumeren biografiak igo dituzue?

675 guztira. Eta hobetu ditugun biografiak ez ditugu zenbatzen, baina asko dira.

Zaila izan da emakume hauen inguruko informazioa biltzea? Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Oro har, zaila da erreferentzia fidagarriak aurkitzea gaztelaniazko biografien kasuan. Euskaraz, berriz, ez dago arazo hori. Aipatuko nuke Marisa Barrena eta Inma sekulako lana egiten ari direla emakume erraketistekin, euskaraz eta gaztelaniaz. Inprimatzaile eta editore bat ere badago, Zoila Askasibar, eta haren inguruan ikerketa-lan zoragarria egiten ari dira! Josi Sierrak ere lan garrantzitsua egin du maistren inguruan… baina emakumeen istorio eder asko daude.

Wikipedian genero arrakala murrizteko lan asko dago oraindik egiteko?

Bai, asko dago. Egoteak, aipatuak izateak eta ikusgaitasunak duten garrantziaz kontzientziatu behar gara. Emakume askori galdetuko bagenie Wikipedian egon nahiko luketen, ezetz esango ligukete; emakume askok ere ez dute editatzen "hor idazteko inor ez direlako"… Ibilbide luzea falta zaigu oraindik buruzaletasunari eta autoestimuari dagokienez. Eta Wikipedia editatzea ere zeharkako modu bat da inork espero ez zuena egitea eta inork espero ez zuena izatea lortu zuten emakumeak aurkitzeko. Haiek ahal izan bazuten, guk ere egin ahal izango dugu! Hori bai, garrantzitsua da, baita ere, ohartzea emakume horiek beren helburuak lortzeko kostu handia ordaindu behar izan zutela; zailtasunei eta oztopoei buruz ez da ezer jasotzen, baina funtsezkoa da kontuan hartzea denak duela kostu bat.

Eta Araban, emakume ezezagun asko daude oraindik deskubritzeko?

Bai, ehunka, milaka! Asko dugu egiteko, baina asko egin dugu 2015eko azarotik hona WikiEmakumeok eta antzeko beste ekimen askorekin. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide