Osasun Sailak zortzi koronabirus kasu baieztatu ditu Gasteizen, astelehen arratsaldera arte. Goizean baieztatu diren zazpi kasuetaz gain, Txagorritxuko langile den Haroko beste bizilagun bat kutsatu du koronabirusak.
Gaixo guztiak etxean eta egoera onean daude; aldi berean, dozenaka lagunen jarraipena egiten ari da Osakidetza, kutsatuekin harremanetan egon direlako.
"Kontrol eta prebentzio neurri falta"
Txagorritxu ospitalean izandako "kontrol eta prebentzio neurri faltaren" ondorioz, koronabirusa hedatu dela eta pazienteak zein ospitaleko profesionalak kutsatzeko arriskuan jarri direla salatu du ELA sindikatuak.
ELA sindikatuaren arabera, mediku batek hamar egun baino gehiago eman ditu lanean, kutsatuta eta sintomekin; salatu dutenez, denbora horretan ez da protokolorik aktibatu.
"Osakidetzak koronabirusaren etorrerari aurre egiteko abian jarri dituen protokoloak eta kontrolak ez direla ez nahikoak, ez eraginkorrak", salatu du ELAk. "Araban erreferentziazko zentro izendatu den ospitalea bera gaixotasunaren foku eta mehatxu bihurtu da", adierazi du sindikatuak, Txagorritxuko ospitaleari buruz.
Ospitalea "egoera kritikoan" dagoela ohartarazi dute: "Lan talde osoek gutxienez 15 egun eman beharko dituzte isolamenduan, eta horrek ekarriko du barne medikuntzako zerbitzuak normaltasunez funtzionatzeko zailtasunak izatea".
Izan ere, langileak aldi baterako kontratatu beharko ditu Osakidetzak, "koronabirusari buruzko prestakuntza egokia jaso gabe".
Olarizuko osasun zentroa
Bestalde, Olarizuko osasun zentroak kontsultak larrialdietara mugatu ditu, zentroko langile bat kutsatutako pertsonetako batekin harremanetan egon zela baieztatu ostean.
Oraingoz ez da baieztatu pertsona hori kutsatuta dagoenik, baina zerrendetako langileekin indartu behar izan dute berrogeialdian geratu den plantilla.
Prebentzio neurriak
Herritarrei zuzendutako mezuetan, sintomak nabarituz gero -eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak, eztula...- edota koronabirus kasu ugariak egondako leku batean izan badira, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu du Osakidetzak.
Norbaitek sintomaren bat badu edota arrisku gune batean egon bada, etxean geratu eta 900 20 30 50 telefonora deitu behar du. Ez luke, inolaz ere, Osasun Zentrora joan behar.