Osakidetzako Epidemiologia zerbitzuak baieztatutako kasuen kontaktuak jarraitzen ari dira. Balizko dozenaka kontaktu daude, eta horietako askori dagoeneko negatibo eman duten frogak egin zaizkie.
Txagorritxuko ospitaleko seigarren solairua prest dago balizko konplikazioak artatzeko, baina oraingoz etxean eta egoera onean daude gaixotutakoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera.
Gasteizko koronabirusaren lehen kasua Txagorritxuko mediku batena izan zen; hark, era berean, Txagorritxuko bi mediku eta beste pertsona bat gehiago kutsatu ditu. Mediku horietako batek beste bi lagun kutsatu ditu.
Ospitaleak isolatuta egotera behartu ditu mediku horrekin harremanetan egon ziren osasun langileak. Egoera honen aurrean, errefortzuak bilatu behar izan dituzte. Osakidetzako zerrendetako langileak aldi baterako kontratatu dituzte, eta Santiagoko profesional batzuk lekuz aldatu dituzte ere.
Arabako zazpigarren kasuak ez du zerikusirik aipatutako fokuekin; Nafarroan larri dagoen emakume batekin harremanetan egon zen, eta horren ondorioz kutsatu da.
Bestalde, Medikuntza eta Erizaintzako unibertsitate ikasleen praktikak bertan behera geratu dira behin-behinean.
Prebentzio neurriak
Lehen kasuak ezagutu aurretik osasun arloko arduradunek lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute. Osakidetzako ospitaleak lehen kasuei erantzuteko prest daudela esan dute, eta 600 ohe gehiago prest izan ditzaketela jakinarazi dute.
Herritarrei zuzendutako mezuan, sintomak nabarituz gero -eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak, eztula...- edota koronabirus kasu ugariak egondako leku batean izan badira, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu dute.
Osakidetzak gogorarazi duenez, norbaitek sintomaren bat badu edota arrisku gune batean egon bada, etxean geratu eta 900 20 30 50 telefonora deitu behar du. Ez luke, inolaz ere, Osasun Zentrora joan behar.