Koronabirusak kutsatutako lehen bi kasuak baieztatu dituzte Euskal Herrian, bata Araban eta bestea Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak lehen kasu hauen berri eman du gaur bertan, eta kutsatutako gaixoen egoera ona dela jakinarazi du. Momentuz isolatuta eta tratamendupean daude. Horrez gain, azken egunetan beraiekin harremanetan izandako pertsonak aztertzen hasiak dira horietariko zein berrogeialdian jarri behar den identifikatzeko.
Lehen hipotesien arabera Euskal Herritik kanpo kutsatu dira biak, bata Italian eta bestea Andaluzian izan baitira azken hamabost eguneko epean. Arabar jatorriko gaixoaren kasuan medikua dela gaineratu dute.
Prebentzio neurriak
Lehen kasuak ezagutu aurretik, goizen egindako adierazpenetan, osasun arloko arduradunek lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute. Osakidetzako ospitaleak lehen kasuei erantzuteko prest daudela esan dute eta 600 ohe gehiago prest izan ditzaketela jakinarazi dute.
Herritarrei zuzendutako mezuan, sintomak nabarituz gero -eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak, eztula...- edota koronabirus kasu ugariak egondako leku batean izan badira, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu dute.
Osakidetzak 900203050 telefonoa jarri du helburu horrekin.