Arnas luzeko ekimenak, Araba hustu ez dadin

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ots. 23a, 06:00
Erronkarin, Enaren Ibilbidea lagundu zuen Udalbiltzak. RUTADELASGOLONDRINAS.COM

Arabari begira jarri dira bi programa berri: Udalbiltzaren 'Hauspotu herriak bizituz' eta Eusko Jaurlaritzaren 'Labean Euskadi'; ekimenak eta pertsonak aktibatzea eta elkarren artean konektatzea dute helburu, husten ari diren landa eremuak biziberritzeko eta garapen sozioekonomikoa bultzatzeko.

Itzalpeko landa-eremuen arazoak eta aukerak pixkanaka ari dira lehen lerroan jartzen. Ekintzailetza bultzatzeko, administrazio ezberdinek ematen dituzten aldizkako diru-laguntzetaz gainera, tokiko garapena sustatzeko epe luzeko bi programa abian jarri dituzte urte berriarekin batera; eta bietan dira protagonistak Arabako eskualde alboratuenak. Udalbiltzak, bere aldetik, ekonomia sozial eraldatzailearen printzipioetan oinarritutako proiektuak lagunduko dituela iragarri du, besteak beste, Añanan, Mendialdean eta Trebiñun. Hauspotu, Herriak Bizituz izena du ekimenak, eta iragan astean lehen urratsa egin zuen, Argantzonen. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak saila, berriz, Euskadi Labean izeneko programarekin lanean ari da iazko azaroaz geroztik. Horren bitartez, gizarte-berrikuntzan oinarrituta, hainbat proiektu sustatzeko asmoa dute, Añanan eta Mendialdean. 

"Ekintzailetza sustatzeko espazio fisiko iraunkor bat sustatu nahi dugu"

Labeanek tokiko jarduera ekonomikoak eta enplegua sortzen eta finkatzen lagundu nahi du, gero eta zaharragoa den Arabako landa eremuaren zati horretan. Proiektu pilotua da, udalerri bakoitzean dauden aukerak azaleratzea eta aprobetxatzea du helburu, berrikuntza sozialean oinarrituta. Hazi Fundazioaren Toki-eragileen arloa ari da programa garatzen, eta Amaia Igarzabal da koordinatzailea. Nabarmendu duenez, mezu positiboa zabaldu nahi dute, eta landa eremuan maila sozialean zein ekonomikoan dauden aukeren balioa azpimarratu. "Berrikuntza sozialean oinarrituta, parte-hartzearen bitartez, eskualdea aktibatu nahi dugu; ingurumena, pertsonak eta berdintasuna gai transbertsalak izango dira prozesu honetan". 

Igarzabalek azpimarratu duenez, Labean ez da ezerezetik sortu, 2015. urtean definitu baitziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat eskualdetako Landa Garapenerako Programak, eta urte hauetan eskualde bakoitzean landa garapenerako elkarteak lanean egon dira finkatutako programaren inguruan. "Hazi fundazioak elkarlan zuzena eta estua izango du landa garapenerako elkarteekin, eta haiekin batera epe luzeko programak garatu nahi ditu", azaldu du Igarzabalek.

Horien bitartez, landa eremua biziberritzeko ideiak eta ekintzaileak dinamizatu eta konektatuko dituzte negozio-eredu berriak sortzeko eta lehendik dauden proiektuak bultzatzeko. "Lan egiteko modu berri bat sustatzea da asmoa: ekintzailetzarako espazio fisiko iraunkor bat sortu, ekintzaileen arteko komunikazioa ahalbidetzeko". Programa horiek aurrera eramateko, kolaborazio publiko-pribatua sustatu nahi dute. 

Dagoeneko, Maeztun eta Kuartangon topaketak egin dituzte Labean Euskadi programaren barruan. Batzar horietan, Soriako, Teruelgo eta Zaragozako landa-inguruneko esperientziak ezagutarazteko eta lurralde horietan abian dauden enpresa-ekimenen kasuak ezagutzeko aukera izan dute, "Arabako ekintzaileentzat inspirazio gisa balio dutenak". 

Nazio elkartasuna

Gabezia eta ahulezia nabarmenak dituzten Euskal Herriko udalerrietan lan handia egin du, baita ere, azken urteetan Udalbiltza Euskal Herriko udal hautetsien partzuergoak. Izan ere, 2012an, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa sortu zuten udal hautetsiek nazio elkartasunaren ikuspuntutik laguntza emateko. Horren barruan, euskal Pirinioen tokiko garapenaren lehen egitasmo bat abiatu zuten, 2014an, Nafarroa Garaiko, Baxenafarroako eta Zuberoako 103 herritarako. Lehen plan horren ostean etorri ziren beste bi, eta guztira, 46 dira fondoak Pirinioetan Lan eta Bizi hiru urteko programarekin lagundu dituen proiektuak. Diru ekarpenari dagokionez, inbertsioa 230.000 eurokoa izan da. 

"Irtenbide bat eskaini nahi dugu, eta jendea erdigunean jarri"

Urte horietan abian jarritako ekimen enpresarialen eta sozialen artean daude, besteak beste, Erronkariko Enaren Ibilbidea berreskuratzeko egitasmoa, zerbitzu komertzialak eta inguruko jarduera ekonomikoa bultzatzeko; Pirinioetako antzinako galtzada berreskuratzeko plana; Baztango mendialdean mahastiak landatu eta ardogintza abiatzeko Baztangoxurie enpresa martxan jartzea; eta labeldun arkumea hazi eta merkaturatzeko enpresa bat. 

Esperientzia hartatik "oso emaitza onak" bildu direla nabarmendu du Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik, eta, horrenbestez, programa hori berritu eta 2020. urtean lurralde gehiagotara zabaltzeko apustua egin du hautetsien partzuergoak. 

Babes teknikoa eta ekonomikoa

Asurmendik azaldu duenez, despopulazioa, langabezia altua eta oinarrizko zerbitzuetara iristeko arazoak dituzten Euskal Herriko hainbat eskualdetan jarriko dute indarra, eta horien artean Arabako hiru aukeratu dituzte: Añana, Mendialdea eta Trebiñu. "Irtenbide bat eskaini nahi dugu, eta ekonomia sozial eraldatzailearen bitartez, eskualde horietako gizarte garapena sustatu; alegia, jendea erdigunean jartzea da helburua eta zerbitzuak eta produktuak beharrak asetzeko sortzea; ez alderantziz".

Hortaz, Hauspotu, Herriak Bizituz programara aurkezten diren proiektuek babes teknikoa eta ekonomikoa jasoko dute. Olatukoop sarea izango da alde teknikoaz arduratuko den erakundea. Ekonomian eta ekintzailetza ekonomikoan jarduten duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dute OlatuKoop, eta aukeratzen den proiektu bakoitzeko tutoretza lanak egingo dituzte.

Alde ekonomikoan, berriz, Asurmendik argitu duenez, gehienez 250.000 euro arteko maileguak banatuko dituzte aukeratzen diren proiektuen artean. Koop 57 taldeko kideak eta Udalbiltzaren Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak arduratuko dira eskarien egokitasuna aztertzen eta maileguak jasotzeko prozesua abiatzen.

Lehenengo fase batean formazio saioak antolatzen ari da Udalbiltza, eskualdez eskualde. Batzar horien asmoa ekonomia sozial eraldatzailearen berri ematea da, eta halaber, tokian tokiko zer esperientzia eta proiektu sustatu daitezkeen ezagutzea. Arabako saioa Argantzongo udaletxean egin zuten, iragan ostiralean. Horretan parte hartu zuten Olatukoop eta Koop 57 taldeko Leire Udabek eta Gorka Juliok, eta inguruko hogei bat ekintzailek. "Lehenengo fase honetan, eskualdeetan proiektu hauek martxan jarri nahi dituzten lagun guztien parte-hartzea bultzatu nahi dugu, eta pertsona hauen ahalduntzea bilatu, haien ideiak eta proposamenak jasotzeko", esan du Udalbiltzako lehendakariak. 

Behin formazio saioak amaituta, eskualde bakoitzaren lehentasunak definituko dituzte, zaintza, etxebizitza eta lurraren erabileraren lagapena, agro-ekologia, eta proiektu komunitarioak betiere ardatz nagusi bezala hartuta. Ondoren, epea zabalduko dute proiektuak jasotzeko, eta apiriletik aurrera hasiko lirateke aurkeztu diren proiektuak aztertzen. Asurmendik argitu duenez, "ez da epe motzeko programa bat", beraz denbora beharko da proiektuak gauzatzeko. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide