Enpresako zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzaren Lan Harremanetarako Zuzendaritzaren eta Arabako Lan Ordezkaritzaren bitartekaritzari uko egin eta negoziazioak "amaitutzat" eman ostean, enpresa batzordeak lanuzteak deitu zituen otsailaren 6tik aurrera.
Hamabi egun hauetan, egunero lanuzte partzialak egin ditu plantillak, eta enpresak, ordea, langileen proposamenak "entzun nahi ere ez" dituela salatu du Laminaciones Arreguiko enpresa batzordeak.
Hortaz, lanuzteekin jarraitzea erabaki dute aste honetan ere; gutxienez ostegunera arte luzatuko dituzte, "gatazka ikusarazteko" eta Gasteizko zein Urbinako lantegien etorkizuna bermatu dezaten exijitzeko.
Otsailaren 20an mobilizazioak
Batzarrean bilduta, plantillaren "babes zabalarekin" berretsi dituzte lanuzteak eta mobilizazioak. Lanuzteak iragan astean baino luzeagoak izango dira, eta bi orduko iraupena izango dute: 10:30etik 12:30era, goizeko txandan eta lanaldi zatitua duten langileen kasuan; 18:30etik 20:30era arratsaldeko txandan; eta 4:00etatik 6:00etara gaueko txandan.
Mobilizazio eguna izango da osteguna Laminaciones Arreguiko langileentzat. Izan ere, 11:20ean elkarretaratzea deitu dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Horrez gain, arratsaldean manifestazioa egingo dute Gasteizko erdialdetik; 19:00etan abiatuko da Bilbo plazatik, "lanpostuen eta etorkizunaren defentsan".
"Itxiera programatu bat" etor daitekeela ohartarazi du enpresa batzordeak, eta 2012. urtean izandako antzeko egoera saihesteko eskatu diote zuzendaritzari. Garai hartan, kaleratze kolektiboak jasotzen zituen ERE bat proposatu zuen enpresak; lan gatazka gogor baten ostean, baliogabetuta gelditu zen.
Zazpi urte eta gero, enpresak kaleratzeei berriro heldu nahi diela salatu dute langileek.